GAUR8

Adin goiztiarreko hipertentsioa gaixotasun kardiobaskularrak izateko aukera handiagoarekin lotuta dago

Hipertentsio arteriala duten 45 urtetik beherako lagunek probabilitate handiago bat dute gaixotasun kardiobaskularrak izateko, ikerketa baten arabera. Hipertentsioaren diagnostikoek gertaera kardiobaskularretan duten eragina neurtu dute hamarkada batean, 25.000 lagun baino gehiagoren jarraipena eginez.

Osasungintzako profesional bat medikamendua prestatzen, artxiboko irudian.
Osasungintzako profesional bat medikamendua prestatzen, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Biosistemak Osasun Sistemen Ikerketa Institutuak Biogipuzkoako eta Osakidetzako ikertzaileen eskutik egindako ikerketa batek ondorioztatu du hipertentsio arteriala diagnostikatuta duten 45 urtetik beherako lagunek gaixotasun kardiobaskularrak izateko probabilitate handiagoa dutela.

Hala jakinarazi du ostegun honetan Lakuako Osasun Sailak ohar baten bidez, bihar (hilak 17) ospatuko den Hipertentsioaren Nazioarteko Egunaren bezperan.

Iaz amaitu zen azterketak hipertentsio arterialaren diagnostiko berriek gertaera kardiobaskularretan eta hilkortasunean duten eragina neurtu du, hamarkada batean 25.000 euskal herritar baino gehiagoren jarraipena eginez.

Ondorio nagusien arabera, hipertentsioa gertaera kardiobaskularren gorakadarekin lotuta dago, eta gorakada hori hipertentsioa diagnostikatzeko adinaren araberakoa da: 45 urtetik beherako pazienteak dira arrisku handiena dutenak eta, ondoren, 45-54 urtekoak eta 65-74 urteko pazienteak dira arrisku txikiena dutenak. Hala ere, ez da loturarik ikusi hipertentsioaren diagnostiko berri baten eta edozein kausak eragindako hilkortasunaren artean.

Amaia Bilbao Gonzalez Bilbo-Basurtoko ESIko ikertzaile eta Biosistemak-eko kidea buru duen ikerketa taldeak 2010ean eta 2011n hipertentsioa lehen aldiz diagnostikatu zieten eta aurretik gertakari kardiobaskularrik ez zuten 18 urtetik gorako 12.600 paziente identifikatu dituen.

Pazienteak hipertentsio diagnostikorik eta aurretiko gertaera kardiobaskularrik ez zuten pazienteekin parekatu dituzte adinaren, sexuaren eta osasun zentroaren arabera. Gainera, hainbat aldagai hartu dira kontuan, hala nola maila sozioekonomikoa, diabetesa, hiperkolesterolemia eta erretzeko ohitura. Paziente guztiei hamar urtez jarraipena egin zaie gertakari kardiobaskularren agerpena edo heriotza ebaluatzeko.

Horrela, azterketaren emaitzek paziente hipertentsiodunekin prebentzio eta jarraipen neurriak hartzea babesten dute, bereziki arrisku handiena duten adin taldeetan, gertakari kardiobaskularrak agertzea eragozteko.

Gaixotasun kroniko ohikoena

Hipertentsio arteriala da gaixotasun kroniko ohikoena. Prebalentzia %10,9koa da emakumeentzat eta %11,6ekoa gizonentzat EAEn, eta arterietako odol presioaren zifrak etengabe igotzen direlako nabarmentzen da. Klinikoki esanguratsua den hipertentsiotzat hartzen da 140 mmHg-tik gorako presio sistoliko jarraitua edo 90 mmHg-tik gorako presio diastoliko jarraitua.

Pertsona bati hipertentsio arteriala diagnostikatu ondoren, jarraipen pertsonalizatua egiten da Lehen Mailako Arretan, batez ere erizaintzako profesionalen eskutik. Printzipioz, presio arterialaren zifrak ondo kontrolatuta eta arrisku kardiobaskular txikia dituen pertsona batek nahikoa du sei hilean behin kontsultatik pasatzea eta urteko analitika bat egitea. Arrisku handia dagoen edo kontrol eskasa egiten den kasuetan, kontsultak ohikoagoak dira.

Profesionalek egindako jarraipenaz gain, garrantzi berezia du prebentzioak hipertentsio arterialari aurre egiteko eta haren ondorioak arintzeko. Horregatik, Lakuako Osasun Sailak gomendatzen du ez erretzea, elikadura kontrolatzea, gatzaren kontsumoa murriztea, aldizka ariketa fisikoa egitea, alkoholaren kontsumoa mugatzea, estresa gutxitzea eta medikuak agindutako sendagaiak hartzea.