GAUR8

Galdakaon abian jarri dute ‘GazT Nahaste’, «gazteak aktibatzeko proposamen onena saritzeko»

Galdakaoko Udaleko Gazteria arloak ‘GazT Nahaste’ sariketa jarri du abian. 17 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta, herriko gazteentzat proposatzen dituzten jarduera ideiak jasoko ditu, eta 2.000 eurorekin sarituko du proiektu onena.

‘GazT Nahaste’ sariketa 17 eta 30 urte bitarteko gazte galdakoztarrei zuzenduta dago.
‘GazT Nahaste’ sariketa 17 eta 30 urte bitarteko gazte galdakoztarrei zuzenduta dago. (Oskar MATXIN | FOKU)

Galdakaoko gazteentzako ideiak eta proposamenak batzea helburu duen sariketa antolatu du Udalak. Gazteei zuzenduta dago ekimena, gazteek eurek herriko gazteentzat dituzten ideia eta proposamenak batzeko.

Era horretara, «proposamen berri eta erakargarriak batzeko asmoz», antolatutako ideia lehiaketa da ‘GazT Nahaste’, eta 17 eta 30 urte bitarteko galdazkoztarrei zuzenduta dago, «gazteen sormena eta parte hartzea sustatzeko».

Gazteengan eragin positiboa izango duen ideiarik onena aurkezten duen gazte taldea 2.000 eurorekin sarituko du lehiaketak.

Lanek izan beharreko izaeraren edota edukien inguruan, azaldu dute ideien artean kultur ekintzak, ekintza sozialak, gazteentzako interesgarriak izan daitezkeen sentsibilizazio ekintzak, kirol jarduerak, osasun arlokoak, aisiladi hezitzailea sustatzera begirakoak, ingurumena zaintzekoak edota kulturartekotasuna, euskara eta euskal kultura bultzatzera zuzendutakoak izan daitezkeela.

Eragin zuzena gazteengan

Parte hartzeko, gutxienez hiru kide izan behar dituzte taldeek, zehaztutako adin tartean (17-30) eta gutxienez taldearen erdiak Galdakaokoak izan beharko dute.

Zehaztu dute, bestalde, «beren proposamenekin lotutako jarduera profesionalik egiten ez duten pertsona fisikoak edo elkarteak aurkeztu ahal izango» direla, eta talde bakoitzak gehienez hiru proposamen aurkeztu ahal izango dituela.

«Ideiak bideragarria eta irabazi asmorik gabekoa izan behar du. Gainera, genero ikuspegia ere kontuan hartu beharko da, eta gehienbat euskaraz garatu beharko da. Halaber, proposamenak gazteengan eragin zuzena izan behar du, eta haien partaidetza sustatu behar du herrian», nabarmendu du Udalak ohar batean.

Sariketaren epaimahaiak teknikoki baloratuko dituen ideiak ekainaren 16a baino lehen aurkeztu beharko dira, hilaren 24an egingo da publiko irabazlea, eta proposatutako ekintza urria, azaroa eta abendua bitartean egingo da.

Parte hartzeko, gazteberpiztu@galdakao.eus posta elektronikora idatzi edo 688680840 telefono zenbakira deitu behar dute gazteek.