GAUR8

Migrazioa eta hezkuntza, ‘Kuna-co proiektuak’ deialdi berriak jarritako erronkak

Pertsona migratzaileen gaitasun digitalak eta hezkuntzan bazterketa arriskuan dauden umeen integrazioa dira ‘Kuna-co proiektuak’ ekimenaren edizio berriaren ardatzak. Bi erronka horien inguruan, berrikuntza egitasmoak bilatzen ditu deialdiak.

Familia bat pasiatzen, artxiboko irudian.
Familia bat pasiatzen, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

BBK Fundazioaren BBK Kuna gizarte berrikuntzako laborategiak ‘Kuna-co proiektuak’ ekimenaren beste deialdi bat egin du, EAEn oro har eta Bizkaian bereziki Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzera bideratutako berrikuntza proiektuak bultzatu nahian.

Edizio honetan, bi erronka zehaztu dituzte: eskolaz kanpoko jardueretara iristeko hezkuntzan dagoen desberdintasuna eta migratzaileen trebetasun digitaletan sakontzea, lan merkatuan sartzeko gako izan dadin.

Erronkak aukeratzeko etengabeko hausnarketa prozesua egiten da Daniel Innerarity filosofoa buru duen BBK Kuna Institutuan. Prozesu horretan, Bizkaiak aurre egin beharreko erronkak identifikatu eta lehenesten dira, eta deialdiak erronka horietako batzuei heldu nahi die bere definizio zehatzenetan, inpaktu eta onura sozial handiena lortzera bideratuta, nabarmendu dute BBK Kunako arduradunek.

Hezkuntzarekin lotutako proiektuei dagokienez, kultura edo kirol bide bat erabiliz eskolaz kanpoko jardueretarako irisgarritasun premiak identifikatzeko gai diren proiektuak bilatzen ditu ‘Hezkuntza eta desberdintasuna: eskolaz kanpoko jarduerak’ erronkak. Era berean, bazterketa arriskuan dauden adingabe gisa identifikatutako umeen integrazioa hobetzeko benetako gaitasuna duen proiektu pilotu berritzaileak ere hartuko ditu.

Bestalde, ‘Migrazioa eta talentua: enplegu digitalak’ erronkak migratzaileen trebetasun digitaletan sakontzea ardatz duten proiektuak bilatzen ditu, gero eta lehiakorragoa den lan merkatuan sartzeko giltza bihur dadin. Kolektibo horien enplegagarritasuna handitzeko planteamendua bilatzen da, eta lan merkatuan eskaintzen diren eta erabat digitalak diren enplegu berriak eskuratzeko benetako gaitasuna izan dezatela.

Epea, ekainaren 20ra arte

‘Kuna-co proiektuak’ deialdiak 150.000 euroko aurrekontua du, eta hautatutako proiektuen artean banatuko da. Hautaketa panelak proiektu bakarra aukeratuko du erronka bakoitzeko, eta proiektuak aurkezteko epea ekainaren 20ra arte dago zabalik.

Ikerketa eta ekintza gauzatzeko elkarlanean jardungo duen erakunde talde batek aurkeztu beharko ditu proiektu proposamenak, eta irabazi asmorik gabeko erakunde batek gidatu beharko du partzuergo hori.

Benetako konponbideak, erreplikagarriak eta eskalagarriak aurkeztu beharko dituzte, aukeratutako gaiari buruzko ikerketa proposamen batekin, eta, gutxienez, ekintza batekin azken emaitza gisa.