GAUR8

‘Lagunak, erreskatera!’ filma pantaila handira helduko da ostiralean

‘Lagunak, erreskatera’ animaziozko filmaren euskarazko bertsioa ostiralean, hilaren 31n, estreinatuko da Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat zinema aretotan. 89 minutuko iraupena du eta ‘Zinema Euskaraz’ programaren baitan aurten estreinatuko den bosgarren filma da.

‘Zinema Euskaraz’ programaren barruan estreinatuko den hurrengo filma.
‘Zinema Euskaraz’ programaren barruan estreinatuko den hurrengo filma. (Zineuskadi)

‘Lagunak, erreskatera!’ filma Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako zinema aretotan estreinatuko da ostiralean, maiatzaren 31n, ‘Zinema Euskaraz’ programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratutako film frantsesa euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da.

Zineuskadi elkarteak jakinarazi duenez, ‘Zinema Euskaraz’ programaren baitan aurten estreinatuko den bosgarren filma da. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako programak, eta haur zein gazteei zuzendutako filmen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzeko asmoz.

89 minutuko iraupena duen animazio filman, oihana mehatxupean dago. Superbilau batek apar arrosa toxikoa isuri du, urarekin kontaktuan eztanda egiten duena, eta hilabete eskas falta da eurite sasoirako.

Bada, ‘Lagunak, erreskatera!’ filma Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak, Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruñea) zinema aretoetan estreinatuko da.

Robotia, hilaren 7an

Gainera, datozen hilabeteetan beste bi film estreinatuko dira ‘Zinema Euskaraz’ programaren bidez: ‘Robotia’ ekainaren 7an eta ‘Buffalo Kids’ abuztuaren 14an.