GAUR8

Itsasoko aerosorgailuen kokagune egokienak zehazteko eredu bat garatu dute EHUko ikertzaileek

Haize errota flotagarrien kokapen egokiena zehazteko eredu matematiko-estatistiko bat garatu du EHUko EOLO ikerketa taldeak. Ekoizpen energetikoaz gain, sistema berriak gertakari klimatologikoek eragiten dituzten kalteak saihesteari begiratzen dio.

Irudian, Alain Ulazia eta Gabriel Ibarra EHUko EOLO ikerketa taldeko kideak.
Irudian, Alain Ulazia eta Gabriel Ibarra EHUko EOLO ikerketa taldeko kideak. (Fernando GOMEZ | UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) EOLO ikerketa taldeak eredu bat garatu du itsasoko haize errotentzako kokaguneak egokiak diren jakiteko. Aerosorgailu flotagarrien epe luzeko neke mekanikoa saihestera bideratuta dago aurkikuntza.

Metodo matematiko-estatistikoaren bidez, «kokagune jakin batean parke eoliko flotagarriak jartzea komeni den» jakin ahal izango da. Alain Ulazia Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasleak azaldu duenez, sistemak zehaz dezake «tokia oso energetikoa izan arren haize-turbinek jasango duten neke mekanikoa edo itsas egoera muturrekoen probabilitatea oso handia» den.

Ikertzaileak azaldu du itsasoko energia eolikoan begiratu ohi dela klimatologiaren arabera zenbat energia ekoitz daitekeen. Beste urrats bat egin da orain, haize-erroten neke mekanikoari erreparatuz.

«Itsasoko baldintzek (haizeak eta olatuek) eragina izan dezakete turbina flotagarrien bizitza-denboraren jaitsieran. Izan ere, baliteke energia-ekoizpen industrialean baino eragin handiagoa izatea turbinen atal batzuen iraupenean, eta 20 urte estandar irautetik 15 urte irautera pasatzea. Horrek eragin erabakigarria izan dezake proiektu baten kostuetan eta inbertsioan», adierazi du Ulaziak.

Urteetako ikerlanaren emaitza da metodo berria. Izan ere, nabarmendu dute EOLO ikerketa taldeak urteak daramatzala klima eta ingurumena aztertzen: «ikerketa ugari egin dugu klima aldaketa eta energia berriztagarren sorkuntzaren luzera begirako loturaren inguruan. Zenbait hamarkadatako aldaketak kontuan hartuta, azterketa historikoak eta etorkizunerako proiekzioak egiten ditugu».

Irlandako oso toki energetiko batean egin dute azterlana, mendebaldeko Galway badian, denbora luzeko haize eta olatu datuak hartuz. Irlandako Maynooth Unibertsitateko Centre for Ocean Energy Research-eko kideekin lankidetzan burutu dute ikerketa, etorkizuneko proiekzioak egiteko erabili ahal ziango den eredua sortzeko.

Ulaziak azpimarratu du analisia munduko edozein tokitan aplika daitekeela, eta azaldu du, gainera, mendietakoa ez bezala itsasoko energia eolikoa ez dela «turbulentua». «Hala ere, itsasoan askoz ere inbertsio handiagoak egin behar dira. Hori da itsasoko energia eolikoa ezartzeko arazo nagusia». Horregatik, klima aldaketa muturreko fenomenoak eragiten ari den honetan, non inbertsoreek kontuz begiratzen dieten proiektuen arriskuei, EOLOk landutako metodoak argia emango dio auzi horri.