GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez hil zen Nikolas Lekuona artista ordiziarra

Ibilbide artistiko laburra izan arren, Nikolas Lekuona (Ordizia, 1913 - Fruiz, 1937) ekoizpen artistiko oparoagatik nabarmentzen da. Gaurko egunez hil zen, duela 87 urte, 1936ko gerran.

Nikolas Lekuona.
Nikolas Lekuona. (ORDIZIAKO UDALA)

Gaur duela 87 urte hil zen Nikolas Lekuona gipuzkoar margolari, marrazkilari, argazkilari, arkitekto eta artista abangoardista.

Nikolas Lekuona Nazabal 1913ko abenduaren 19an jaio zen, Ordizian, Blas eta Mariaren zazpi seme alabetatik lehenengoa. Beasaingo Kristau-Anaien Eskolan ikasi zuen eta beranduago Donostira joan zen Madrileko aparejadore eskolan sartzeko prestakuntza egitera. 1932eko udan bere lehenengo erakusketa egin zuen Ordizian, ‘Pintura industrial’ deitu zituen lanekin. Bertan herriko Sarriegi, Zurutuza eta Quilez artistekin batera azalduko zituen bere lanak.

1932-1933 urtean Madrilera joan zen hiru urtez, aparejadore ikasketak burutzera. Madrilen Goya kalean bizi zen eta berehala garaiko inguru intelektual aberatsenean murgildu zen. Alde batetik Ponbo Kafean Ramon Gomez de la Sernak zuzenduriko tertulian parte hartuko zuen, eta beste alde batetik, Jorge Oteiza, Joakin Gurrutxaga, Pedro Mozos eta Marin Gamos artisten adiskidea egin zen.

1933an bi urtez behin ospatzen den Artista Berrien Erakusketan bigarren saria irabazi zuen eta 1934ean Oteiza eta Balentziagarekin Donostian erakutsi zituen bere marrazki eta argazkiak. Urte berean ‘Formak paisaian’ oleoa bidali zuen Bilboko Arte Ederretako Museoan egiten den Euskal Artisten erakusketara.

1934ko udan Ordizian lan egin zuen Oteiza eta Sarriegi adiskideekin. 1935ean Oteiza eta Balentziaga Ameriketara joan ziren. Berak berriro ere bere obra batzuk bidali zituen Gipuzkoako Artista Berrien Erakusketara baina ez zituzten aukeratu. Urte honetan ‘Noreste’ poesia eta arteko aldizkarian bere bi marrazki argitaratu zituzten.

Gasteizko ‘5’ aldizkariarentzako lanean hasi zen, baina gerragatik utzi beharrean gertatu zen. 1936an Ordizian bizi eta Donostian lan egin zuen Florencio Mocoroa arkitektoarekin.

Frankoren tropek Ordizia hartu ondoren falangista egin beharrean suertatu zen eta Aizpurua, Olasagasti, Lagarde eta beste batzuek sortutako ‘La Quincena de Gu’ elkarte falangistan eta Prentsa eta Propaganda Departamenturako lan egin zuen. 1937ko ekainaren 11n hil zen Fruizen andazain lanak egiten ari zela, oker ulerturiko bere aldekoen bonbardaketa baten erasoarengatik. 23 urte zituen.