Elhuyarren teknologiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz erabil daitezke
Elhuyarren teknologia guztiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz erabili daitezke, jakinarazi du fundazioak. ‘Elia’ itzultzaile neuronala, ‘Aditu’ ahotsa testu bihurtzeko tresna edota TTS neuronala bezalako baliabideek ematen dituzten aukerak nabarmendu dituzte.
Elhuyarrek aurrerapauso bat eman du hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren esparruan, gizartean sortzen ari diren erronkei erantzuten jarraitzeko helburuan, bere teknologia guztiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz erabiltzeko aukera eskainiz.
Adimen artifizialean oinarritutako ‘Elia’ itzultzaile automatikoa, ‘Aditu’ ahotsa testu bihurtzen duten tresna eta ‘TTS ahotsak’ sei hizkuntza horietan erabiltzeko aukera dago, zehaztu du fundazioak prentsa ohar bidez.
Hain zuzen, ‘Elia’ itzultzaile neuronalaren bidez, testu soilaz gain, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke. Horrez gain, itzulpenak pertsonalizatzeko aukera du. Hiztegi pertsonalizatu bat gehitu dakioke, hitz edo esaldi batzuk nahi bezala itzul ditzan beti.
‘Elia’ itzultzaileak integratuak ditu 'TTS ahotsak', eta, ondorioz, testu bat itzultzeko eskatzeaz gain, irakurtzeko ere agindu dakioke. Itzultzaileak eskaintzen dituen aukera guztiak ezagutzeko elia.eus webgunean sartzea besterik ez dago.
Bestalde, ‘Aditu’ plataformak automatikoki prozesatzen ditu aurrez grabatutako audio eta bideo fitxategiak, eta haien transkribapenak eta azpitituluak sortzen ditu.
Automatikoki sortutako emaitza hori webgunean bertan edita dezake erabiltzaileak, horretarako espresuki prestatutako edizio interfazean. Gainera, ‘Elia’ itzultzailea integratua duenez, webgunean bertan itzul daitezke transkripzioak eta azpitituluak sei hizkuntzatara.
‘Aditu’ eremu askotan aplika daiteke, hala nola ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorean edukia azpititulatzeko, itzultzeko eta edukiari irisgarritasuna emateko; administrazio publikoan, udaletan eta, oro har, bileretan, aktak modu errazean idatziz jasotzeko; industrian, makinen eta pertsonen arteko elkarrekintzak ahots bidez egiteko. Erabilera guztiak aditu.eus webgunean ikus daitezke.
Testua ahots bihurtu
Halaber, TTS neuronala testua ahots bihurtzen duen sistema da. ‘TTS ahotsak’ erabiltzeko hainbat aukera daude: ttsneuronala.elhuyar.eus webguneko kutxa erabilita, webguneetan barra irakurlea txertatuta edota REST API bidezko integrazioak eginda.
Egiazkoak diruditen arren, Elhuyarren ahots automatikoak adimen artifizialean oinarritutako teknologiaren bidez sortutakoak dira. Gainera, Elhuyarrek bere TTS ahots propioak eskuragarri jartzeaz gain, TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskaintzen du.
Azken zerbitzu hau ere, sei hizkuntzatan erabili ahal izango da, eta, horrela, erabiltzaileek eduki zehatzak zein testu solteak automatikoki ahots bihurtzeko aukera zabalagoa izango dute.
Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako itzultzaile automatikoak, ahotsa testu bihurtzen duten tresnak eta ahots automatikoak punta-puntako eta etengabe eguneratzen den teknologia erabiltzen dute. Konfidentzialtasuna eta segurtasuna ere bereziki zaintzen dituzte, eduki guztiak modu konfidentzialean tratatzen baitira.
Teknologia horiek guztiak Orai adimen artifizialeko zentroan sortutakoak dira. Orai NLP alorrean (Natural Language Processing) espezializatuta dagoen zentroa da, eta duela bi urte sortu zuen Elhuyarrek, enpresa eta erakundeei goi mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskaintzeko eta industria ehunaren lehiakortasuna, administrazioen eraginkortasuna eta pertsonen bizitza hobetzeko.
Teknologia horiez gain, hainbat ikerketa ildo ditu zabalik Oraik, besteak beste, ingurune zaratatsuetarako hizketaren ezagutza, hizkuntza eredu neuronal arinak eta industriaren beharretara egokitzen diren zehaztasun handiko hizkuntza teknologia eskalagarriak. Hizkuntza ugari ditu langai, hala nola euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana, okzitaniera, aragoiera edota galegoa.