Ateak zabalduko ditu Kexaako Monumentu Multzoak bisita gidatuak eginez
Abian jarraitzen du Kexaako Monumentu Multzoaren zaharberritze-prozesua, baina ekainaren 29tik aurrera, bisita gidatuak egin ahal izango dira: bisita orokor bat eta aiararren hilobien zaharberritzeko lanetan zentratutako beste bat iragarri ditu Arabako Foru Aldundiak.
Arabako Foru Aldundiak iragarri duenez, Kexaako Monumentu Multzoak ateak irekiko ditu ekainetik abendura bitartean, bi formatuko bisita gidatuak eskainiz. 1.350 leku eskainiko dituzten bisitak izango dira, zehaztutakoaren arabera.
Foru erakundeak gogorarazi du ohar batean, Diputazioak 2022an erositako Monumentu Multzoa mila lagun inguruk bisitatu zuela 2023ko azarotik abendura bitartean.
Zehaztu duenez, bisita orokor bat eta hilobien zaharberritze-lanak ezagutzeko beste bisita bat eskainiko da, biak ere gidatuak.
Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak adierazi duenez, multzoa eskuratzearen helburuetako bat «arlo publikorako berreskuratzea» zen. Zehaztu du «premiazko esku-hartzeak» egin direla, baina epe luzeagokoak proiektatu direla.
Iragarritakoaren arabera, bisita gidatuak 1.170 leku izango ditu uztailetik irailera bitartean, eta datorren larunbatean, uztailaren 6an, irekiko dira. Guztira, 30 plaza eskainiko dira eguneko (15 laguneko bi talde egunero) eta ordubeteko iraupena izango du. Gaztelaniaz edo euskaraz eskainiko dira.
Aurreikusitako ibilbidea erdiko patiora sartzeko arkupean hasiko da, Adatseko Andre Mariaren hilobi-kaperatik eta Aiararren dorretzarretik jarraituko du, eta moja domingotarren monasterioko hainbat gela zeharkatuko ditu, klausuran zuten bizitza komunitarioaren hainbat alderdi ezagutzeko.
Bisita gidatua Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak antolatu du, eta Kalearte, Turismo eta Kultura enpresak egingo du. Izen-ematea 945 101 070 telefonoan edo reservas@kalearte.com helbide elektronikoan egin daiteke.
Kontserbatzeko lanek iraun bitartean
Aldundiak bisita «espezializatuagoa» ere eskaintzen du publiko guztiarentzat irekia, Kexaako dorreko hilobien zaharberritze prozesua ezagutzeko. 12.00etan izango dira, ostiralero, ekainaren 29tik irailaren 27ra, hilobiak kontserbatzeko eta zaharberritzeko lanek irauten duten bitartean.
Guztira 180 leku eskainiko dira kasu honetan, eta bisitak gaztelaniaz edo euskaraz egin ahal ziango dira, ordubeteko iraupenarekin. Sarrerako Arkupean hasiko dira.
Ondoren, Adatseko Andre Mariaren Dorre-kapera bisitatuko da. Bertan, Pedro de Ayala kantzilerraren eta haren emazte Leonor de Guzmanen eta haien guraso Fernán Perez de Ayalaren eta Elvira de Ceballosen hilobietan egiten ari diren kontserbazio eta zaharberritze lanak azalduko dira, guztiak ere XIV. mende amaierako alabastro polikromatuan eginak.
Bisita gidatua izango da, eta PETRA S COOP enpresak egingo du, Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuarekin lankidetzan. Izen-emateak 945 182 050 telefonoan edo restauraciones@araba.eus helbide elektronikoan egin daitezke.
Foru Aldundiak zehaztu duenez, hilobiak bisitatzean ez da Monumentu Multzoaren gainerakoa bisitatuko, eta bisiten bi formatuetako edozeinetan, ez da gida-zerbitzuek zehazten duten ibilbidea utziko.