Eraikinen zaharberritze energetikoak planifikatzeko lehen tresna garatu dute EHUko ikertzaileek
Eraikinak birgaitzeko estrategia eta planifikazioa errazten duen tresna garatu dute EHUko ikertzaileek. Orain aliritzira egiten dira zaharberritze lanak, baina EBko betekizunei egokitu eta hainbat parametro kontuan hartuta planifikazioa errazten du tresnak.
EHUko Caviar taldeko ikertzaileek eraikinak birgaitzeko estrategien planifikazioa errazten duen tresna garatu dute. Gauza da Europar Batasunaren araudiaren arabera, epe luzeko birgaitze estrategiak jarri behar direla martxan eraikin parkeen trantsizio energetikoa egiteko, baina Estatu espainolean ez dago prozesu hori antolatzeko estrategiarik.
Markel Arbulu Dudagoitia Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak (EHU) azaldu du «zaharberritze lanak aliritzira egiten direla». Aipatu duenez, Estatu espainolean ez dago «inolako plan, estrategia edo metodologia orokorrik etxebizitzetan egin behar diren energia-berriztatzeekin lotuta, Europak karbono-emisioak murrizteko ezartzen dituen betebeharrak era ordenatu batean betetzeko».
Horregatik, tresna berria lagungarria da Europar Batasunak gaian ezartzen dituen betekizunetara egokitzen diren birgaitzeko politikak eta planak garatzeko. Zehaztu dutenez, simulazio tresna bat da, eta bizitokien berriztatze energetikoen estrategiak ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik ebaluatzen ditu.
Tresnak kontuan hartzen ditu hainbat parametro: bizi zikloaren ikuspegia, berritze lanen efizientzia, erabiltzaileen portaerak eta etengabe aldatuz doan agertoki ekonomikoa.
«Lurralde edo hiri batean izan daitezkeen agertoki posible guztiak aztertzeko balio du», adierazi du Arbuluk. EHUko iturriek zehaztu dutenez, birgaitze lanak askotarikoak izan daitezke: isolamendu termikoa jartzeko, leihoak edo berokuntza sistema aldatzeko, edota eguzki-plakak jartzeko, besteak beste.
Bestetik, eraikin mota desberdinak ere hartzen dira kontuan (familia bakarrekoak edota familia ugaritakoak), erabiltzaileen portaera profilak (erabiltzaile batzuk neguan 22 gradutan bizi dira, beste batzuk 16 gradutan...) baita egoera ekonomikoa ere (inflazio tasaren araberakoak). Era berean, kontuan hartuko du urteak aurrera egin ahala zaharberritze lanetarako erabilitako materialekin zer gertatuko den.
Zein bide hartu
«Orain arte ez da izan lurralde edo hiri batean karbono-emisioak murrizteko arlo honetan zer egin beharko litzatekeen esaten duen tresna metodologiko efektiborik. Sortu dugun tresna honekin lortzen diren emaitzek esaten dute zer bide hartu daitekeen toki bateko egoera posible guztiak kontuan hartuz deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiteko», azaldu du ikertzaileak.
Zehaztu duenez, gainera, tresnak ez du balio etxebizitza bakar batean azterketa egiteko. «Europar Batasuneko edozein lekutan aplikatzeko balio du, Europar Batasuneko irizpideen arabera egin baitugu», argitu du Arbuluk.
EAEko bizitoki parkea deskarbonizatzeko prozesurako plangintza proposatu dute, bestalde. Hiru etapatan egitea planteatzen dute, eta eraikin mota bakoitzaren kasuan zer estrategia jarraitu beharko litzatekeen ebaluatu dute, «noiz egitea komeni den, zaharberrizte lanek zer errentagarritasun ekonomiko izango duten, inpaktua zenbatean murriztuko duten eta abar. Eta horren guztiaren arabera zer deskarbonizazio-mailatara helduko garen kalkulatu dugu».
Ikertzaileak nabarmendu du tresnak potentzialitate handia daukala, eta argitu du eredu energetikoak momentuz eskuz egin behar badira ere, hurrengo pauso batean georreferentziazio-datu publikoak erabili nahi dituztela horretarako (alegia, Lurraren gainazaleko kokagune zehatzak ematen dituzten datuak). «Eta orduan bai, ebaluazio hori dena kasik klik bakar batean egiteko moduko tresna bat izango da. Azken lan horiek gauzatutakoan, kode publikoa zabaltzeko moduan izango gara».