GAUR8

Bisitaldi arkeologikoak Urdaibain, Bizkaiko ‘Ibilbide historikoak’ programaren barruan

Bizkaiko ‘Ibilbide Historikoak’ programak  hainbat bisitaldi eskainiko ditu Urdaibaiko aztarnategietara uztailean eta abuztuan zehar. Paisaia ederrenetan kokatuta, azken 5.000 urteko historiara hurbildu ahal izango dira parte hartzaileak adituen eskutik.

Bisitaldietan, aztarnategietan egiten den lana bertatik bertara ikusi ahal izango dute parte hartzaileek.
Bisitaldietan, aztarnategietan egiten den lana bertatik bertara ikusi ahal izango dute parte hartzaileek. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Bizkaiko ‘Ibilbide Historikoak’ bisita gidatuen programak ibilbide arkeologikoak eskainiko ditu uztailean eta abuztuan zehar Udaibain.

Hamahirugarren edizioa duen programa honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak udako hilabeteetan herrialdeko «ondare bitxi nagusiak» eta «apartekoak» diren ingurune natural eta paisajistikoak ezagutzera eman nahi ditu.

Bisita gidatuetan Euskal Herria Museoa, El Pobaleko Burdinola eta Arkeologia Museoa foru museoen aholkularitza jasotzen da, baita monumentuen indusketa, ikerketa eta kontserbazioan parte hartu duten profesionalen aholkularitza ere.

Uztaileko eta abuztuko ‘Ibilbide arkeologikoak Urdaibain, gure Historia lurpetik ateraz’ izenekoari dagokionez, Neolitotik Erdi Arora bitartean, «Urdaibaiko eta Bizkaiko Historiaren 5.000 urteko historia eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren paisaia pribilegiatua» ezagutzeko aukera izango da.

Ekimenak Urdaibaiko aztarnategi arkeologiko nagusiak bisitatzeko aukera ematen du, eta tren turistikoko bisitak konbinatzen ditu, oinez, arkeologian, biologian, toponimian eta euskal filologian adituekin, eta zeinu-hizkuntzako eskaintzarekin. Gainera, programa honek Foruko Erromatar Herrixkan eta Arrolako Oppidumean bisitaldiak errealitate birtualarekin osatzeko esperientzia eskaintzen du.

Foruko Erromatar Herrixkan aritzen diren arkeologia-taldeak tokian lanean erakustea izango da aurtengo programaren berrikuntzetako bat.

Talde txikietan

Urdaibain Bizkaiko historiaren «sekuentzia erabakigarriak» zabaltzeaz gain, iraunkortasuna eta natura ingurunearekiko eta ondare baliabideekiko errespetua bermatu nahi dira. Horregatik, aurreratu dute, besteak beste, bisitak talde txikietan egingo direla.

Programak bost ibilbide gidatu ditu: Arrolako Oppidumeko aztarnategi arkeologikoetara (Arratzu), Foruko herrixka erromatarrera, Tribisburuko nekropoli erromatarrera (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelura (Ereño) eta Katillotxuko estazio megalitikora (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).

Pasa den ekainean hasi zen ‘Ibilbide Historikoak’ ekimena irailean amaituko da Bizkaiko Zinpeko Ibilbidearekin, «Bizkaiko Jaunak Foruen zina egiten zuen tokiak» zeharkatzen dituena.