GAUR8

Udal gaztelekuen esperientzia aberasgarria nabarmendu dute Pasaian

Ugal gaztelekuen funtzionamenduaren inguruko balorazioa plazaratu du Pasaiako Udalak, euskaraz eskaintzen den zerbitzuaren aisialdi eredua eta izaera hezitzailea nabarmenduz. Ikasturteari amaiera emateko hainbat irteera eta jarduera egin dituzte, eta horien artean, Port Aventurara bidaia.

Gaztelekuen ikasturteari amaiera emateko antolatutako jardueretako bat irudian.
Gaztelekuen ikasturteari amaiera emateko antolatutako jardueretako bat irudian. (Pasaiako Udala)

Udal Gaztelekuen esperientziaren inguruko balantzea plazaratu du Pasaiako Udalak, ikasturtean zehar egindako jarduerak eta duten izaera hezitzailea nabarmenduz.

Udal agintariek adierazi dutenez, oso ikasturte emankorra izan da herriko hiru gaztelekuentzat: Antxo, Donibane eta Trintxerpe-Pedrokoan. Parte hartzeari dagokionez, 150 bazkide iraunkor egon dira ikasturtean zehar, baina beste gazte asko hurbildu dira jardueretara noizean behin.

Udal arduradunen esanetan, «erreferenteak dira gune hauek 13 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat». Bederatzi hezitzaile izan dituzte bidelagun, aisialdi hezitzailea, sozializazioa, parte hartze aktiboa, inklusioa eta hezkidetza lantzen dituen zerbitzuan. Azpimarratu dute, era berean, euskaraz egiten direla jarduera guztiak, eta urteko planifikazioan gazteek eurek proposatutako jarduera asko txertatu direla.

Jardueren atalari dagokionez, nabarmendu dute ikasturteari bukaera emateko, abenturaz beteriko bidaia antolatu dutela, besteak beste. Zehaztu dutenez, 50 gazte izan dira Murillo de Gallegon rafting-a eta paintball-a egiten, eta ondoren, Salouko Port Aventura, Aquapark eta Nautik parkeetan. Horien balorazioaz, izandako «ekarbizitza polita» nabarmendu dute hezitzaileek. «Egun ederrak pasatu dituzte inongo arazorik gabe, eta barruti guztietako gaztetxoak elkartu dira», adierazi dute, herriko gazteen artean sortutako harremanak nabarmenduz.