NAIZ
Gaur X urte

Gaur 55 urte zapaldu zuen gizakiak lehen aldiz ilargia

1969ko uztailaren 21ean Mare Tranquillitatisen hegoaldean Neil Armstrong komandantea satelitearen gainazala zapaltzen zuen lehenengo gizakia bilakatu zen.

Apollo 11 misioa osatu zuten astronautak. Ezkerretik eskuinera Neil A. Armstrong, Michael Collins eta Edwin E. Aldrin.
Apollo 11 misioa osatu zuten astronautak. Ezkerretik eskuinera Neil A. Armstrong, Michael Collins eta Edwin E. Aldrin. (NASA)

1969ko uztailaren 16an bidali zuten AEBek espaziora Apollo 11 misioa, ilargiaren azala ukituko zuen lehenengo hegaldi eskifatua. Floridako Cañaveral lurmuturreko NASAren Kennedy Espazio Gunetik (LC 39A plataforma) jaurti zen, Saturn V suziri baten bidez, goizeko 10:32etan. Misioa ofizialki AS-506 legez ezagutu zen.

Apollo 11 misioaren tripulazioa Neil Armstrong (38 urte), ilargiratze-moduluaren pilotu Edwin E. Aldrin Jr., Buzz ezizenez ezaguna (39 urte) eta aginte-moduluaren pilotu Michael Collinsek (39 urte) osatzen zuten. Ontzien izendapena komandantearen esku egon zen, Armstrongen esku alegia. Berak Eagle (arranoa) izendatu zuen ilargiratze-modulua eta Columbia deitu zion aginte-moduluari.

1969ko uztailaren 21ean, Mare Tranquillitatisen hegoaldean Neil Armstrong komandantea satelitearen gainazala zapaltzen zuen lehenengo gizakia bilakatu zen. Ilargiratzetik sei ordu eta erdira gizakiak lehenengo urratsa eman zuen satelitean. Lorpen historiko honen irudiak planeta osora igorri ziren Parkes Behalekuko (Australia) instalazioetatik.

Apollo programak 24.000 milioi dolarreko inbertsioa suposatu zuen eta 400.000 langile baino gehiagok jardun zuten bere garapenean. Suziriak, ontziak eta ilargiratze-moduluak 5.600.000 atalez osaturik zeuden, eta dena oso ongi joanda ere, milaka matxura sortzeko arriskua zegoen. Gaur egungo edozein sakelekok Armstrong, Aldrin eta Collinsen ontzi barnean zeramaten ordenagailuak baino memoria gehiago dauka.