Sare metalikoak jarri dituzte Lezon, herriguneko ur ibilguan, kutsadura saihesteko
Errekak hirigunetik duen ibilguan sare metalikoak jarri ditu Lezoko Udalak baranden azpialdean, Eugenio de Ochoa kalean eta Herri Eskolako patioan, errekara doazen hondakinen kutsadura ekiditeko.
Lezoko Udalak sare metalikoak jarri ditu herriguneko ur ibilguko zenbait puntutan, erreka babesteko. Era horretara, hondakin solidoen kutsadura ekidin nahi dute. Gehienbat plastikoak diren hondakinak errekara joan ez daitezen, sareak jarri ditute Eugenio de Ochoa kalean eta Herri Eskolako patioaren bidearen bi aldeetan.
«Gune horietako barandek egurrezko hesiak dituzte edota azpiko eremua babestu gabe dute, eta horrek, hondakinek errekan bukatzeko eta, ondorioz, itsasora isurtzeko arriskua areagotzen du. Beraz, Lezoko Udalak martxan jarri dituen lanei esker, azpialde horietan guztietan saretxo metalikoak jarri dira», azaldu dute udal iturriek.
Azken urrats hau ez da herritik igarotzen diren urak garbi mantentzeko hartutako neurri bakarra. Izan ere, hainbat ekimen jarri ditu abian Udalak erreka garbi mantendu eta herriko uretan pilatutako «hondakinak itsasoratu daitezen» saihesteko.
Gogora ekarri du Udalak Zubitxo errekan eta Bekoerrekan egin ziren garbiketa lanetan 770 kilogramo hondakin jaso zirela.
«Kasu honetan, Lezoko Udalak eman duen azken pausoak garbiketa baino prebentzioa du helburu, herriko erreka bazterretako baranda azterketa egin eta gero, hondakinak errekara isurtzeko arriskua dagoen tokietan hesiak jartzea erabaki baitu», azaldu du Udalak ohar bidez.
Zehaztu duenez, ikuskaritza baten ondorioz, premiazko gune ezberdinak identifikatu ziren eta horien artean, Eugenio de Ochoa kalea eta Herri Eskolako patioaren bi aldeak dira esku hartzeko adierazitako premia handia zuten espazioak.