Enpresetan kontziliazioa kudeatzeko gida argitaratu du Lakuako Gobernuak
Enpresetan kontziliazioa kudeatzeko esperientziak eta kasu praktikoak eskaintzen dituen gida argitaratu du Lakuak. Lanak edozein erakundetan aplika daitezkeen elementuak eta jardunbide egokiak eskaintzen dituela nabarmendu dute.
Enpresetan, bizitza pertsonala eta lana uztartzeko neurrien aplikazioa hobetzeko gida argitaratu du Lakuako Gobernuko Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa Sailak, Euskalit, Kalitatea Sustatzeko Euskal Fundazioaren bitartez.
‘Kontziliazioa kudeatzeko gida: Nola txertatu kontziliazioa euskal erakunde eta enpresen kudeaketan’ izenburua duen lana enpresei zuzenduta dago, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko neurriak aplikatuta izan ala ez, eta horrelako politiken aplikazioaren esperientziak eta kasu praktikoak eskaintzen ditu.
Nerea Melgosa Ongizateko sailburuaren esanetan, «hausnarketarako, diagnostikorako eta hobekuntzarako tresna» da, eta kontziliazio erantzunkidea sustatu nahi duen edozein erakunderi zuzenduta dago.
Dokumentuak, gainera, aukera ematen du kontziliazioaren kudeaketaren egoerari buruzko gogoeta egiteko; hobetu beharreko arloak identifikatzeko; ekintza-plan batean garatu beharreko ekintzak ezarri eta lehenesteko.
Exekutiboak nabarmendu duenez, gidak edozein enpresatan aplika daitezkeen elementuen eta jardunbide egokien esparru orokor bat eskaintzen du, edozein dela ere enpresaren sektorea, tamaina edo kudeaketaren aurrerapen maila. Oro har, gida «unibertsala, erraza, erabilgarria, kudeagarria, moldagarria eta pertsonengan fokua jartzen duena» da.
Gida moldagarria da, erakunde bakoitzak bere lehentasunak identifika ditzan eta aurrera egiteko erritmoa ezar dezan, edo kudeaketan inplementatzeko jardunbide egokiak identifika ditzan.