GAUR8

Boluntariotzako programetan parte hartu duten EHUko ikasleen %75,5 emakumeak dira

Azken ikasturtean, Boluntariotzako eta Gizarte Partaidetzako Programetan parte hartu duten Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasleen %75,5 emakumeak izan dira, eta %24,5, gizonak. 2012tik, aipatutako programetan, 2.063 ikaslek 216.592 boluntariotza ordu baino gehiago egin dituzte.

Ikasle talde bat unibertsitatean, artxiboko irudian..
Ikasle talde bat unibertsitatean, artxiboko irudian.. (Jon URBE | FOKU)

Joan den 2023-24 ikasturtean, gehienbat emakumezko ikasleek hartu dute parte unibertsitateko boluntariotza programetan (%75,5 emakumeak dira eta %24,5 gizonak).

Boluntariotzarekin lotutako parte hartzea 66 erakundetan baino gehiagotan egin da, hala nola kultura, gizarte, osasun, kirol, aisia eta astialdi esparruetan edo ingurumenean. Guztira 590,5 kreditu onartu dira, hau da, 17.715 boluntariotza-ordu.

Unibertsitateak emandako datuen arabera, 2012. urtetik, 2.063 ikaslek 216.592 boluntariotza ordu baino gehiago egin dituzte Euskal Herriko Unibertsitateak aitortutako boluntariotza programetan eta gizarte partaidetzako programetan.

‘EHUgune-Compromiso e Impacto Social’ erakundeko zuzendari David Hoyos Ramosek azaldu duenez, «Unibertsitatearen egungo Plan Estrategikoaren helburuetako bat ikasleek kalitatezko prestakuntza integrala jasotzea izan zen, eta UPV/EHUtik igarotzean bizi-esperientzia aberasgarria izateaz gain, tokiko erronkei eta erronka globalei behar bezala erantzutea eta ingurune aldakor eta gero eta zorrotzagoan etikaz eta sormenez jardutea».

«Boluntariotza aukera bikaina da ikasleek inguratzen gaituen errealitatea hobetzen parte har dezaten eta gizartean konprometitutako unibertsitate baterantz aurrera egin dezagun, inklusioaren, ekitatearen eta iraunkortasunaren balioak sustatzen dituena. Gizartearen erdigunean dagoen unibertsitatea», gaineratu du.

Elkartasun jarduera horien artean hainbat aukera dute ikasleek: boluntariotzako euskal agentziek abalatutakoak (BizkaiaGara, Bizkaian; Gizalde, Gipuzkoan, eta Batekin, Araban); Euskadiko Boluntariotza Antolatzeko Errolda Orokorrean inskribatutakoak; Euskadiko GGKEen Koordinakundeko erakundeak; Lakuako Gobernuak elkartasunaren eta lankidetzaren esparruan sustatu edo lagundutako programetan parte hartzen dutenak, eta Elkartasuneko Europako Kidegoaren barruan proiektuak garatzen dituztenak. Era berean, EHUk berezko programak ditu.