GAUR8

Donostiako Aquariumak Itsasoko Zinemaldiaren 12. edizioa hartuko du abuztuaren 17ra arte

Aste honetan zehar, larunbatera arte, Itsasoko Zinemaren Jaialdiren 12. edizioa ospatuko da Donostiako Aquariumean. Doako emanaldiak dira, 12.00etatik aurrera, eta jorratuko diren gaien artean, besteak beste, piraten benetako historia eta Lisa Andersen surflariaren bizitza daude.

Doakoak dira jaialdiaren barruko zine emanaldiak.
Doakoak dira jaialdiaren barruko zine emanaldiak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Aquariumak Itsasoko Zinemaren Jaialdiaren (AIFF) 12. edizioa hartuko du aste honetan, atzotik larunbatera arte. Donostiako Aste Nagusiarekin batera ospatuko da itsasoarekin lotutako film eta dokumentalen emanaldia. Nabarmendu dutenez, egun hauetan, publikoak «itsas mundu liluragarrian murgiltzeko» aukera izango du, ozeanoarekin zerikusia duten film onenen aukeraketa baten bidez.

Emanaldiak doakoak izango dira 12.00etan Auditoriumean, lekua bete arte. Aquariumetik azaldu dutenez, jaialdiak programazio anitza eskaintzen du, bertaratzen direnek «urrutiko lurrak arakatu, itsas espezie berriak aurkitu eta itsasoko istorio liluragarriak ezagutu ahal izateko».

Film eta dokumentalak

Film eta dokumentalen gai nabarmenen artean, gaztelaniaz, euskaraz edo frantsesa-ingelesa azpitituluekin proiektatuko direnak, piraten benetako historia dago, baita Lisa Andersenen bizitza ere, munduko emakumezkoen surfaren figura «ikoniko eta aitzindaria».

Donostiako Udala, Cimasub (Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa), Ficab (Bidasoako Arkeologia Zinemaren Nazioarteko Jaialdia), Estatuko Ozeanografia Institutua eta Around The Waves dira jaialdiaren laguntzaileak.