GAUR8

Euskarazko ikasmaterialak ekoizteko dirulaguntzetarako epea zabaldu du Lakuak

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak unibertsitatez kanpoko euskarazko ikasmaterialak ekoizteko dirulaguntzetarako epea zabaldu du aste honetan. Deialdiak material didaktiko inprimatuak eta digitalak editatu eta sortzeko laguntzak aurreikusten ditu. Hilabetekoa da eskabideak aurkezteko epea.

Ikasmateriala sortzeko laguntzen deialdia zabaldu du Lakuako Gobernuak.
Ikasmateriala sortzeko laguntzen deialdia zabaldu du Lakuako Gobernuak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Unibertsitatez kanpoko euskarazko ikasmaterialak ekoizteko Lakuako Gobernuak emango dituen dirulaguntzetarako epea gaur (hilak 20) irekiko da, eta milioi bat euro inguruko zenbatekoa izango du.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak sinatzen du agindua, laguntzetarako deialdia egiten duena. Atzo argitaratu zen ebazpena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Hortaz, gaurtik aurrera aurkeztu ahal izango dira dirulaguntzetarako eskabideak.

985.000 euro, hiru modalitatetan

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza mailetan euskarazko material didaktikoak ekoizteko laguntzetarako deialdiak (EIMA deialdia), 985.000 euroko zenbatekoa du eta hiru modalitate laguntzen ditu: material didaktiko inprimatuen edizio kostuak, 500.000 eurorekin; euskarazko material didaktiko digitalak, 400.000 eurorekin, eta material didaktiko inprimatuen sorkuntza, 85.000 eurorekin.

Salbuespen gisa, eta beren ezaugarrien arabera, euskarazko eta gaztelaniazko ikasmaterialek ere jaso ahal izango dute laguntza deialdi honen bidez, hala nola A ereduan euskara irakasteko metodoek, hiztegi elebidunek edo eleaniztunek. Dirulaguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da.