GAUR8

Matrikulatzeko aukera dago oraindik Arabako Campuseko Esperientzia Geletan

EHUk jakinarazi duenez, Esperientzia Gelak programan izena emateko epea zabalik dago oraindik, plaza libreak geratzen baitira. 55 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta bizitza osoko etengabeko ikaskuntzaren ideian oinarritzen da eskaintza.

Esperientzia Gelak programazioa 55 urtetik gorako lagunei zuzenduta dago.
Esperientzia Gelak programazioa 55 urtetik gorako lagunei zuzenduta dago. (UPV/EHU)

Soldatapeko lanik egiten ez duten 55 urtetik gorako pertsonei zuzenduta, Esperientzia Gelak programa «bizitza osoko etengabeko hezkuntzaren ideian oinarritzen da». Izena emateko epea maiatzean zabaldu zen eta EHUk jakinarazitakoaren arabera, ekimenak plaza libreak ditu oraindik.

Programaren helburu nagusia goi mailako hezkuntza zentroen ateak ikasle helduei zabaltzea da, ikaskuntzarako ateak «modu malgu, ireki eta sormenezkoan» irekiz. Lakuako Gobernuaren Liburu Zuriak jasotakoari jarraiki, «pertsona bakoitzaren premia eta igurikapenetan oinarritutako kalitatezko ikaskuntzarako aukera» errazten du EHUren eskaintzak.

Eskaintzaren inguruko informazioan jasotzen denez, «progamak Giza Zientzietako Titulua dauka, eta, gehien-gehienen irakaskuntza Unibertsitateko Sailen bizkar geratzen da». Bertan zehazten denez, Helduentzako Unibertsitate Ikastaroetako (HUI) berariazko ikasgaiez gain irakaskuntza arautuko ikasgaiak ikasteko aukera ere aurreikusten da. Nabarmendu dutenez, era horretan belaunaldien arteko harremana bultzatuko da «eta ikasle bakoitzak bere nahien araberako ikasgaiak hartu ahal izango ditu».

Esperientzia Gelak zentroak Hekuntza eta Kirol Fakultatean du egoitza eta Arabako Campuseko Errektoretzaren menpe dago. Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Vital Fundazioak elkarrekin kofinantzatzen dute programa.

Parte hartzeko beharrezko informazio guztia eskuragarri dago Gela Irekiak programaren webgunean. Interesatuek online edo ikasgeletako idazkaritzan eman dezakete izena, Hezkuntza eta Kirolaren fakultatean bertan. Matrikula egin ahal izateko ezinbestekoa izango da urriaren 1a baino lehen 55 urteak beteta izatea eta soldatapeko lanik ez egitea.