GAUR8
Gaur X urte

Duela 41 urte Miss America beltza izan zen lehenengo aldiz,Vanessa Williams

1983ko irailaren 17an izendatu zuten Miss America Vanessa Williams, 20 urte zituela. Lehiaketa hau irabazten lehenengo emakume beltza izan zen. Geroago, tituluari uko egin behar izan zion bere baimenik gabe aldizkari batean argitaratutako argazki batzuek sortutako eztabaidagatik.

Gaur 41 urte, 1983ko irailaren 17an, Miss America izateko emakume afroamerikar bat aukeratu zuten historian lehenengo aldiz. Orduan 20 urte zituen Vanessa Williams izan zen. Handik gutxira, 1984ko uztailaren 23an, Penthouse izeneko aldizkarian biluzik agertu zen eta Miss America izateari uko egin behar izan zion, hedabideek eta lehiaketaren babesleek ez zutelako ondo ikusi eta horretara derrigortu zutelako.

New Yorken jaioa, 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen Williams modelo bezala lan egiten. Hainbat edertasun txapelketatan parte hartu zuen 1983an, Miss America 1984 irabazi zuen arte.

Hamar hilabete pasata, ezezagun baten deia jaso zuen biluzik agertzen zen argazki batzuk zituztela esanez. 1982koak ziren argazkiak, Tom Chiapel argazkilariaren makillaje-laguntzaile bezala lan egin zuen garaikoak. Hugh Hefner Playboy aldizkariaren jabeak argazkiek eskaintza bat atzera bota zuen, baina Penthouse aldizkariko Bob Guccionek argitaratu zituen eta irudi-eskubideak Tom Chiapel-i ordaindu zizkion.

Ordutik, modelo, dantzari, antzezle eta abeslari bezala aritu da, 2016an 80ko hamarkadako argazki horiengatik barkamena publikoki eskatu bazuen ere. Brodway-en egin du lan eta, besteak beste ‘Ugly Betty’ eta ‘Desperate Housewives’ telesailetan izan da aktore bezala.