Indarkeria matxistaren prebentzioan eragingo du ikasturte honetan Arabako LAIA sareak
LAIAk, Emakumeen Ahalduntzerako eta Berdintasunerako Arabako Lurralde Sareak, indarkeria matxistaren prebentzioan zentratutako hainbat ekitaldirekin hasiko du ikasturte berriko programazioa. Egunotan banatuko den liburuxka batean bildu dituzte herrialde osoan izango diren jarduerak.
LAIAk, Emakumeen Ahalduntzerako eta Berdintasunerako Arabako Sareak, indarkeria matxistaren prebentzioarekin lotutako jardueren programa batekin hasiko du ikasturtea. Jarduera horiek Arabako kuadrilla guztietan garatuko dira, sentsibilizazio eta kontzientziazio ekitaldien bidez.
Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak nabarmendu duenez, LAIA «lurralde osoko berdintasun politiken proiektu integratzailea eta parte hartzailea da», eta kuadrillek, udalek, emakumeen elkarteek eta berdintasunaren eta sexu-aniztasunaren aldeko elkarteek, GGKEek, mugimendu feministak eta beste erakunde batzuek parte hartzen dute, Foru Aldundiarekin batera.
Iaz, 13.500 lagunek parte hartu zuten proiektuan, eta guztira 364 jarduera egin ziren herrialde osoan. Zifra horiek orain hasiko den ekitaldian lortu edo gainditu nahi dira.
Programazioak honako hauek biltzen ditu: hitzaldiak, antzerkiak, topaketak, ikastaroak, jardunaldiak, eztabaidak eta solasaldiak, prestakuntza-tailerrak, zineforumak, irakurketa feministako klubak, berdintasunaren aldeko martxak, bakarrizketak, ikuskizunak, jarduera ludikoak, kulturalak eta emakumeek kiroletan parte hartzeari lotutakoak.
Aurreikusitako jardueren artean, indarkeria matxistaren prebentzioarekin lotutakoak nabarmendu ditu. «Bide luzea dago egiteko» eta indarkeria horien kontzientziazio, ahalduntze eta prebentzio jarduerak garatzen jarraitzeko akuilu izan behar dugu», adierazi du.
Nabarmendutako jarduerak
Jarduera horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ‘Indarkeria matxistaren aurkako VII. martxa, Rivabellosatik Lantaronera’; ‘Nagore’ filmaren aurkezpena Oionen; kirolean indarkeria matxista prebenitzeko prestakuntza, Lantaron Kirol Klubarekin; edo indarkeria matxistaren biktima eta bizirik atera diren emakumeentzako topaguneak, Lautadako Kuadrillan.
Programan, gainera, ‘La bici de Lola’ album ilustratua aurkeztuko da Amurrion, haurtzaroko sexu abusu eta indarkeriei buruzkoa; Barrundiak sororitateari, ahalduntzeari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruz egindako ekimen bat aurkeztuko du, eta kuadrilletan aurrera jarraituko duten autodefentsa feministako hainbat tailer egingo dira.
Beste jarduera batzuk ‘Berdintasunaren aldeko Eskualdeko Topaketak’ dira. Topaketa horietan, hainbat herritako emakumeak biltzen dira elkarbizitzarako, hausnarketarako, eztabaidarako eta elkarrizketarako unea partekatzeko. Aurten, sexualitatea bizitzeko modu desberdinak jorratuko dira Lautadan (urriaren 19an, Azilun), emakumeen osasunari buruzko begirada feministan, Añanan (urriaren 26an, Armiñonen) eta umorearen eta emakumeen inguruko guztia, Aiaran (azaroaren 9an, Arespalditzan).
Gainera, ‘Arabako Landa Inguruneko Emakumeen Sarearen urteroko XXV. Topaketa’ egingo da, ‘Elkartegintza eta ahalduntzea eztabaidagai’ izenburupean, irailaren 28an, Kanpezun.
Programazioaren inguruko informazio-liburuxka batzuk egin ditu Foru Aldundiak kuadrilla bakoitzerako, eta datozen egunetan banatuko dira.