Bilbon, Altamira, Masustegi eta Mintegitxuetaren historiako oroitzapenak bilduko ditu Argazkineta furgonetak
Bilbon, Argazkineta ekimena jarri dute martxan, oraingoan Altamira, Masustegi eta Mintegitxueta auzoetako memoriarekin lotutako materiala biltzeko. 2000. urtea baino lehenagoko argazkiak, bideoak edota egunkari eta aldizkarietako orrialdeak bezalako materiala bildu nahi da, ondoren digitalizatu eta Bilboko Udal Artxibora bideratzeko.
Bilboko Udalak Argazkineta ekimenaren seigarren edizioa jarri du abian. Auzoetako memoriarekin lotuta, oroitzapenerako material grafikoa biltzea da programaren helburua, auzo horien iragana ahanzturan eror ez dadin.
Furgoneta bat izango da protagonista berriro, eta argazkiak partekatu nahi dituzten auzokideen zain egongo da Argazkineta. Zuri-beltzean edo koloretan (paperean edo digitalizatuta) dauden irudiak izan daitezke, diapositibak eta negatiboak, bideoak edo filmak edozein formatutan (super 8, VHS, BETA), baita bestelako materialak: planoak, zirriborroak, egunkarietako edo aldizkarietako orrialdeak, bandoak, aktak, kartelak, liburuxkak edo pegatinak hartuko ditu.
2000. urtea baino lehenagoko materiala da bilatzen dutena. Dokumentu eta istorio horiek formatu digitalera eramango dira, bizitza luzatzeko.
Urriaren 15etik 24ra, Estrada Masustegi 64an egongo da Argazkineta, 11.00etatik 14.00etara, eta arratsaldean, Estrada Masustegiko 202 lokalean, 17.00etatik 21.00etara. Urriaren 25etik azaroaren 3ra Altamira udal zentroan egongo da, goizez zein arratsaldez.
Ohiturak, ospakizunak, tradizioak...
Argazkinetak historia komunei buruzko materialak eta oroitzapenak bilatzen ditu, zentzu bikoitzarekin ulertuta: alde batetik, memoria kolektibo eta partekatuko oroitzapenak; eta bestetik, auzoko ohiturak, ospakizunak, tradizioak edo eguneroko bizitza partekatzen eta ezagutzen lagunduko duten materialak.
Ekimen honen bidez, auzotarrek beren historia, lekukotza eta gertaerak kontatuko dituzte beren material eta oroitzapenen bidez, epe jakin batean auzoaren kontakizuna modu kolektiboan eraikitzeko.
Bildutako materiala publikoarekin partekatuko da abenduan Argazkineta Show-en. Aurreratu dutenez, «ekitaldi dibertigarria, parte-hartzailea eta atsegina» izango da, eta Argazkineta proiektuan parte hartu dutenek helarazitako argazkiak, bideoak, oroitzapenak eta bizipenak proiektatuko ditu.
Bildutako argazki-material guztia Bilboko Udal Artxibora bideratuko da. Bertan, kontsulta-sisteman sartu ondoren, Udalaren eraikin nagusiko instalazioetara doazen pertsonek ikusi eta kontsultatu ahal izango dute.