Antolatutako zenbait jardueratan izena emateko epea zabalduko du EHUren Zientzia Asteak
Gizarteari zientzia hurbildu, ikasleei «haren benetako xarma erakutsi» eta haurren artean jakin-mina piztea helburu duen EHUren Zientzia Astearen edizio berri bat dago abian. Tailerrak, ibilbide pegadogikoak eta izaera ludikoko hainbat jarduera biltzen dituen programazioak izen-emate epea zabalduko du bihar horietako batzuetan parte hartzeko.
Aste bi luze geratzen dira EHUren Zientzia Asterako, hedapen zientifikoko erakustaldi handienetako bat den ekimenerako. Azaroaren 6tik 10era ospatuko da herritarren artean kultura zientifikoa sustatu eta jendartea ikerketa zientifikoko berrikuntza teknologikoko jarduerekin sentsibilizatzea helburu dituen hitzordua, eta lau gune nagusi izango ditu: Bilbo, Barakaldo, Donostia eta Gasteiz.
Espazio ezberdin horietan zientzia eta teknologia erakustaldiak, tailerrak, hitzaldiak edota irteera didaktikoak egingo dituzte, eta horietako batzuetan beharrezkoa da aurretik izena ematea. Aste honetan bertan, urriaren 22an, hain zuzen, jarduera horietako batzuetan parte hartzeko erreserba egiteko epea zabalduko dute.
«Tailerretan eta ibilbide didaktikoetan soilik eman behar da izena, eta www.zientzia-astea.eus webgunean egin daiteke», azaldu du unibertsitateak ohar batean. Zehaztu duenez, «Barakaldoren kasuan, urriaren 28an zabalduko da izen-emate epea».
Ikastetxeen parte hartzeari dagokionez, irailaren 25ean zabaldu zen inskripzioa, eta dagoeneko 5.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena, emandako datuen arabera.
Izan ere, programazioak DBH eta Batxilergoko ikasleentzako tailerrak eta ibilbide pedagogikoak eskaintzen ditu. Azken horietan, «txokoetako adituek gidatutako esperimentuak, jolasak, erakustaldiak eta abar garatuko dira euskaraz eta gaztelaniaz, modu erraz, entretenigarri eta ulergarrian, ikasleak zientzia eta teknologia mundura hurbiltzeko asmoz», adierazi dute.
EHUko iturriek nabarmendu dute Zientzia Astea «ekitaldi ludikoa eta pedagogikoa» dela. Bilbon, Bizkaia Aretoak hartuko ditu jarduerak hilaren 6tik 10era, eta Barakaldon, Clara Campoamor Udaltegiak egun berberetan.
Donostian, Tabakaleran izango dira ekitaldiak, hilaren 7tik 9ra, eta Gasteizen, Bibat Museoa eta Gasteizko Ingeniaritza Eskola izango dira kokalekuak, hilaren 7tik 10era.