GAUR8

‘Ikusten ez dena ere bada’, indarkeria matxistaren adierazpen ezberdinak ikusarazteko kanpaina Uribe Kostan

‘Ikusten ez dena ere bada’ lelopean, emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen ezberdinak ikusaraziko dituzte Uribe Kostan, kirola, komunikabideak, ingurune birtuala edota hezkuntza moduko eremuetan ematen diren egoerak irudikatuz.

Lan munduko indarkeria matxista salatzeko mobilizazioa, artxiboko irudian.
Lan munduko indarkeria matxista salatzeko mobilizazioa, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Indarkeria matxistaren adierazpen batzuk bistakoak dira, beste batzuk, berriz, ikusgaitzagoak dira. Ideia horretatik abiatuta, Uribe Kostako herrietan ‘Ikusten ez dena ere bada’ leloa duen kanpaina abiarazi dute, azaroaren 25aren harira.

Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren atarian, gizartearentzat ikusezinak diren indarkeria mota horietan jarri nahi du azpimarra Mankomunitateak antolatutako ekimenak.

Azaroaren 21etik aurrera, zazpi kubo jarriko dituzte eskualdeko udalerrietan «bakoitza emakumeen aurkako indarkeriaren eremu jakin batean oinarrituta». Era horretara, Barrikako Txikilandia Plazan, kirol eremua erakutsiko dute; hezkuntza Berangoko Berangoeta Plazan, ingurune birtuala Gorlizen eta familia eta bikotea, Lemoizen, Jai eremuan gertatzen diren erasoetara begira jarriko dira Plentzian, Astillero Plazan, lan eremura Sopelako Urgitxeta Plazan eta komunikabideak izango dira protagonistak Urdulizen, Antsonekoa Plazan.

Kubo horietan, QR kode baten bidez jaso ahal izango da informazioa. Gainera, animatu dituzte herritarrak eskulturen ondoan argazkiak atera eta sarretan partekatzera.

Ekimenaren ondoan, hainbat jarduera eskaintzen ari da Uribe Kostako Mankomunitateak. Autozainketari buruzko emakumeentzako tailerra da horietako bat. Kale antzerkia, dokumentalen proiekzioa eta tailerrak prestatu dituzte gai ezberdinen inguruan.

Larunbatean (azaroak 23), gainera, Urdulizko Inola Emakumeen Etxean Uribe Kostako Emakumeen XV. Topaketa egingo dute.