Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Gaur X urte

Gure ‘ama’ Lucyren hezurdura aurkitu zuten Etiopian gaur 50 urte

1974an, gaur bezalako egun batean, Australopithecus baten fosila aurkitu zuten Etiopian eta, The Beatlesen omenez, Lucy izena jarri zioten. Bost hamarkada pasa dira eta espezie honetako fosil gehiago aurkitu dira, baina, zinema eta rock-aren izarren antzera, Lucyk ez du ospe izpirik galdu denbora honetan guztian.

Lucyren garezurra horrelakoa omen zen.
Lucyren garezurra horrelakoa omen zen. (Bone Clones | WIKIPEDIA COMMONS)

Etiopia, 1974ko azaroaren 24a. Donald Johanson, Tom Gray eta Yves Coppens paleontologoak Awash ibaiaren arroan ari ziren fosilak bilatzen eta, ezer aurkitu gabe, kanpalekura itzultzea erabaki zutenean, fosil baten itxurako zerbait ikusi zuten.

Hominido baten besoko hezurra eta beste hezur batzuk azaldu ziren: garezurra, femur bat, masaila, pelbisa eta hezur txiki batzuk. Hominido baten hezurduraren % 40ra eskuratu ahal izan ziren.

Giza arbasoen arrasto zaharrenetakoaren hezurdura zen, Australopithecus afarensis espezieko hominidoa, zeinak 3,2 eta 3,5 milioi urteren artean baitzuen; homo espezieen arbasotzat jo zuten orduan, gu guztion amatzat.

Aurkikuntzaren egunean bertan, zientzialariek festa handi bat egin zuten eta The Beatles taldearen ‘Lucy in the Sky with Diamonds’ abestia nola askotan kantatu zuten, Lucy izena eman zioten hominidioari.

Lucyk  txinpantze baten tamaina eta itxura zuen eta, ordura arte ezagutzen ez zen espeziea zen. Etiopiako Afar ibaiaren eskualdean aurkitu zutenez, jarri zioten Australopithecus afarensis izena. Espeziearen ‘lehen alea’ izan zen Lucy. Geroztik, espezie bereko beste fosil asko aurkitu dira inguru berean.

Mende erdi honetan Australopithecus afarensis espezieko 400 arrastotik gora aurkitu dituzte. Horiei eta Lucyri egindako azterketei esker, orain askoz gehiago dakigu espeziearen ezaugarriei buruz. Baina oraindik galdera asko daude erantzun gabe, Lucy hominidoa ote zen zalantzan jartzen dutenak: espezie hura tresnak egin eta erabiltzeko gai zen?