GAUR8
Gaur X urte

Hego Amerikako hainbat herrialdek Kondor Plana sinatu zuten

Kondor operazioa, Hego Amerikan egindako errepresio politikoko eta estatu terrorismoko kanpaina, gaur 49 urte hasi zen ofizialki ezartzen, 1975ean. Diktadore eskuindarren bidez, hilketak eta inteligentzia operazioak gauzatu zituen.

Henry Kissinger, AEBko Estatu idazkaria, aunitzen ustez operazioaren ideologoa izan zena.
Henry Kissinger, AEBko Estatu idazkaria, aunitzen ustez operazioaren ideologoa izan zena. (Marion S. TRIKOSKO | WIKIPEDIA)

49 urte bete dira gaur Hego Amerikan Kondor operazioa martxan jarri zenetik. Programaren xedea bertan errotzen ari zen pentsaera eta filosofia sozialista eta komunista erauztea zen, haien aurkako oposizio potentziala edota ideien gainean kontrol aktiboa ezarriz. Kondor operazioa aitzinera eramateko elkarrekin aritu ziren Hego Amerikako hainbat gobernu; Txile, Argentina, Brasil, Paraguai, Uruguai eta Bolivia, batez ere. Kasu batzuetan Peru, Kolonbia eta Venezuelak ere lagundu zuten.

Gerra Hotzaren testuinguruan, ez zitzaien falta izan Ameriketako Estatu Batuen babesik, 1970 eta 1980ko hamarkaden artean. Henry Kissinger, AEBko Estatu idazkaria, izan zen askoren ustez operazioaren ideologoa.

Argentinan gertatutako Carlos Prats txiletar jeneralaren eta Salvador Allenderen gobernuko ministro ohiaren hilketa eta AEBetan jazotako Orlando Letelierrena operazio honen parte izan ziren.

Kanpaina honen klandestinitatea dela medio, ezinezkoa da zuzenean eragindako hildakoak zenbatzea. Operazioaren helburua argia zen: herrialde horietako erregimenek ezarritako ordenarekiko pertsona subertsiboak, edo Ameriketako Estatu Batuetako gobernuaren eta, beraz, eskualdeko diktadura militarren politikekiko pentsamendu politiko kontrajarria edo ideologikoki aurkakoa zuten pertsonak jarraitzea, zelatatzea, atxilotzea, torturatzea, herrialdez aldatzea eta desagertzea edo erailtzea.

Horrenbestez, diktadura militar horiei aurka egin zieten dozenaka mila pertsona desagerrarazi zituzten, gehienbat ezker politikoaren parte ziren lagunak, nazioarteko sare bat eratuz prozesua egin ahal izateko. Paraguain 1992an aurkitutako Terrorearen agiritegiek aipatzen dutenez, 50.000 pertsona hil zituzten, 30.000 desagerrarazi, eta 400.000 kartzelatu.