GAUR8
Gaur X urte

Duela 11 urte hil zen Juliana Saratxaga

2013ko azaroaren 27an, 102 urterekin, zendu zen Juliana Saratxaga panderojolea. «Gerra garaian sustoak bakarrik izaten genituen. Ezkutatu egiten ginen. Ez dut gogoratu nahi», adierazi zion Aiaraldea.eus hedabideari bertako herritarrak hil baino egun gutxi lehenago egindako elkarrizketan.

Juliana Saratxaga panderojolea.
Juliana Saratxaga panderojolea. (TOKIKOM)

11 urte dira gaur Juliana Saratxaga Aiarako panderojolea zendu zela, 102 urterekin. 1917an Luiandon jaioa, udalerriko emakumerik nagusiena zen Aiaraldea.eus hedabidearekin elkarrizketa egin zuenean, eta oraindik bere musika tresna kutuna jotzen zuen.

Ehun urte bizitzeko zer egin behar den galdetuta, hala erantzun zuen: «Nik ahalik eta gehien lan egin dut, bestela egurra genuen eta! Isilik eta etxean egon, hori da egin behar dena luze bizitzeko! Nik gehiago bizitzeko asmoa dut».

Honakoa ere oroitu zuen solasaldi hartan: «Ni ez naiz zaharra, txikia naiz! Aitak ez zuen panderoa jotzea nahi, ganaduari kasu egitea baizik. Panderoa jotzen behiak zaintzen nengoela ikasi nuen. Makil batekin harria jotzen nuen, zarata egin zuen arte. Gaztetan erromerietara joaten ginen. Lehen asko kantatu eta dantzatzen genuen denok».

1936ko Gerra eta frankismoa Maroñon bizitu zituen. Nahiago zituen ahantzi: «Sustoak bakarrik izaten genituen. Gu ezkutatu egiten ginen. Ez dut gogoratu nahi».

Irakurtzen eskolan ikasi zuen, aitak bestela «egurra» ematen zien eta. Lauzpabost ikasle joaten ziren, baina ez zegoen neskarik. Denborarekin gauzak aldatzen joan ziren. Eskola berria, 1931n egindakoa, urtegiaren azpian geratu zen, errotak eta kortak bezala. Oso gutxi ikasi zuen eskolan. Gauzak eginez ikasi zituen, panderoa jotzen bezala.

Maroñoko elizako atezaina ere izan zen Saratxaga.

2013ko azaroaren 27an zendu zen, Maroñon.