GAUR8
Gaur X urte

Agur Panpi Ladutxeri, frontoiko artista handienari

Panpi Ladutxe pilotari eta kantaria gaur hiru urte zendu zen Baionan, 66 urte zituela, gaixotasun larri baten ondorioz. Hala idatzi zuen Jon Ormazabek GARAko orrialdeetan: «Pilotan jokatuz zein kantuz, aldamenekoa poztea izan du Panpi Ladutxek bizitzako xederik handiena. Eta haren heriotzarekin mutu eta triste geratu dira Euskal Herriko trinket eta pilotalekuak. Artista handiena joan da».

Panpi Ladutxe, 2004ko irudi batean.
Panpi Ladutxe, 2004ko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

2021eko azaroaren 30ean zendu zen, minbiziak jota, Panpi Ladutxe. «Artista», kantxa barruan eta kanpoan. Hitz horixe errepikatu zuten gehien berarekin pilotalekuan uneren bat konpartitzeko zoria izan zutenek.

Pilotari, prestatzaile, kantari eta askoz gehiago ere bazen azkaindar polifazetikoa. «Ohiko bizimoduan zabaltzen zuen alaitasun hori kantxara eraman egiten zuen eta pilotari artista eta geniala izan zen, ikusteko oso polita», azaldu zuen Joxean Tolosak, ezkerparetan 20 urte luzez lagun izan zuen atzelari handiak. Aspaldi samarretik larri zegoela bazekien arren, kolpe handia hartu zuela ezkutatu ezinik zen amezketarra.

Bien izenak elkarrekin pasatu ziren historiara, Binakako bi txapela lortu baitzituzten 1987an eta 1989an, mugarri bat ezarriz, azkaindarra izan baitzen ezkerparetan txapelketa nagusi bateko txapela jantzi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria.

Horixe izan zen, Bidasoaz iparraldera eta hegoaldera zubigile aritzearena, erabat zukutu nahi izan zuen bere bizitzaren beste ardatzetako bat.

Kantuan aritzea zuen bere bigarren pasio handia. Urtean 100dik gora kantaldi emandakoa da, eta hiru disko grabatutakoa, ‘Aitari’ 1995ean argitaratutakoa, ‘Chansons du Pays Basque’ 2002koa eta azkena, ‘Orhoit’, 2012koa. Telebistan eta irratietan esatari, jatetxean, dendan... denetan artista, biziari zuku ederra ateraz.