Gaur 60 urte irabazi zuen Lazkao Txikik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Gaur dela 60 urte, 1964an, Jose Migel Iztuetak, Lazkao Txiki ezizenez ezaguna, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen Tolosan jokatutako finalean.
1964ko abenduaren 13an urte hartako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatu zen Tolosan. Herrialdeko hirugarren Bertsolari Txapelketa izan zen, 1959an Manuel Olaizola ‘Uztapide’ eta 1962an Jose Joakin Mitxelena irabazle izan ondoren.
Aurreko txapelketan bezala, izen ematea librea izan zen eta 71 bertsolarik hartu zuten parte. Horregatik lau kanporaketa jokatu ziren partaide kopuru desberdinekin, ondoren finalaurreko bat jokatu zen Eibarren eta azkenik zortzi onenekin finala Tolosan.
Jose Migel Iztueta ‘Lazkao Txiki’, Txomin Garmendia, Jose Joakin Mitxelena, Patxi Etxeberria, Jose Intxausti, Kasiano Ibarguren, Koxme Lizaso eta Jose M. Lertxundi izan ziren finalistak.
Lazkao Txiki atera zen garaile, eta bere lehenengo garaipen garrantzitsua izan zen, 1962ko edizioan bigarren geratu ondoren. 1965ean bigarren izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusian.
«Kritika txapelketekin batera sortuko zen. Euskal prentsan ere, Osborne koñaken publizitate eta guzti egiten zen Gipuzkoako txapelketaren jarraipena. Garai hartan prentsan eztabaidagai zen ea epaimahaia Euskaltzaindiako jende ikasiak osatu behar zuen, edo herriaren esku utzi behar zen txapelduna izendatzea. ‘Zeruko Argia’-ko editorialak piztu zuen sua, eta epaimahaiko J. San Martinek erantzun zion. Doinuari buruz ere hitz egiten zen. Juan Mari Lekuonak analisi onak egiten zituen, eta Txomin Garmendiak oraindik gogoan du garai hartako kantakera. Basarrik, bere bordatxotik, bertso jarriak eskaini zizkien txapeldunari eta txapeldun ordeari», dio Bertsozale Elkarteak urte horretako bertso-giroari buruz.