GAUR8
Gaur X urte

Duela 10 urte irabazi zuen Martinez de Irujok bere azken txapela

2014ko abenduaren 14ean Bilbon Juan Martinez de Irujok bere hirugarren Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi zuen finalean Aimar Olaizola 22-17 mendean hartuta. Bere azken garaipen garrantzitsua izan zen.

Martinez de Irujo 2014ko Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi ondoren.
Martinez de Irujo 2014ko Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi ondoren. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Dirdira gutxiko finalean nagusituta eskuratu zuen 2014ko abenduaren 14ean Bilbon Juan Martinez de Irujok bere hirugarren Lau eta Erdiko Txapelketa. Ez zuen ikaragarrizko partida egin beharra izan iberoarrak, Aimar Olaizolak ez baitzuen bere ohiko maila eman. Distantzia honetan jokatutako final guztiak irabaziak zituen goizuetarrak, baina egun horretan makal ibili zen. Bukaera aldera zertxobait hurbildu zitzaion Irujori, baina ez markagailuari buelta emateko adina. 22-17 amaieran.

Urte ikaragarria izan zen Martinez de Irujorentzat, nahiz eta Abel Barriola atzelaria lagun Binakako Txapelketa jokatzen ari zela, ezker eskua mindu zitzaion. Lesio hori sendatu gabe jokatu zituen ia partida guztiak eta, hala ere, Binakako Txapelketa hura irabazi zuen, finalean Olaizola II.a eta Aretxabaleta 22-13 menderatuz.

Sendatu arte ez jokatzeko gomendioei entzungor eginda, Buruz Burukoa ere irabazi zuen, finalean Retegi Biri 22-9 nagusitu baitzitzaion, ekainaren 29an.

Abenduaren 14an berriz lortu zuen urte berean hiru txapelketa nagusiak irabaztea. Hiru txapelak urte berean janztea bi aldiz lortu duen pilotari bakarra da.

Baina txapel hura bere azken garaipen garrantzitsua izan zen. 2015ean txapelketa nagusietako final bakarra jokatu zuen, Lau eta Erdikoa, eta Mikel Urrutikoetxearen aurka galdu zuen, 22-20. 2016ko binakako finalean erretiratu egin behar izan zen eskuin eskuko hatz luzea hautsita.

Urte hartako uztailaren 13an bihotzeko gaitz bat aurkitu ziotela iragarri zuen, eta 2017ko maiatzaren 20an behin betiko erretiratuko zela adierazi zuen.