Laiez Zerkora Igoeraren inguruko lehen argazki lehiaketa egin dute Artaxoan
Laiez Artaxoako Zerkora egiten den igoeraren inguruan argazki lehiaketa antolatu du aurten Ondalan Artaxoa Elkarteak. Tradizio berri baten hasiera izan nahi du deialdiak, baita ondare gisa iraungo duen artxibo bisuala sortzeko tresna ere.
Ondalan Artaxoa Elkarteak Laiez Artaxoako Zerkora Igoerako lehen argazki lehiaketa antolatu du Udalaren eta Nafar Laiariaken laguntzarekin. Ohar bidez jakinarazi dutenez, Sandra Azpilicueta izan da lehen edizio honen irabazlea.
Antolatzaileek nabarmendu dute ekitaldiak «argazkilaritza eta natura maite dituzten» pertsonak biltzeaz gain, «gertakari sinboliko honen edertasuna eta emozioa iruditan jasotzeko» helburua duela.
Izan ere, «Zerkorako Igoeraren testuinguruan antolatutako lehiaketak» paisaia eta kirol erronka horren esentzia jasotzea proposatu du, korrikalarien ahalegina nabarmenduz edota paisaia ikusgarriak islatuz.
Belaunaldien arteko aldaketa
Lan irabazlearen inguruan, nabarmendu dute «belaunaldien arteko aldaketa» erakusten duela «aita eta alaba protagonistekin, erlaxatuta eta konplizitatez elkarrekin bide berri bat hasteko prest agertzen diren unea jasoz».
«Lehiaketa honek tradizio berri baten hasiera markatzen du, Laiez Zerkoa Igoeraren inguruan artea eta kultura sustatzeko asmoz», adierazi dute antolatzaileek. Nabarmendu dute, halaber, deialdiak lagunduko duela «belaunaldi berrientzako ondare gisa iraungo duen artxibo bisual bat sortzen». Edizio berriak izan nahi dituen lehiaketak, beraz, urteetan zehar ekitaldiaren argazki kronika osatu nahi du.