Urrats berriak Gorbeiako Arkaraiko aterpea birgaitzeko proiektuan
Gorbeiako Arkaraiko aterpea birgaitzeko eta egokitzeko proiektuan aurrerapausuak iragarri ditu Arabako Foru Aldundiak. Gorbeia Bira bizikleta-ibilbideko atsedenleku gisa diseinatuta, hobekuntzak egingo dituzte espazio erosoago bat sortzeko.
Arabako Foru Aldundiak urrats berriak iragarri ditu Arkaraiko aterpea zaharberritzeko proiektuaren inguruan. Foru Gobernuak aurreratu du datozen asteetan, «aterpea birgaitzeko eta egokitzeko lanen proiektu exekutiboa idazteko eta lanak egiteko» egitasmoa kontratatuko duela.
Gorbeiako Parke Naturalean kokatuta, Arabako Parke Naturalei buruzko Helmuga Turistiko Planaren barruan dago esku hartzea. Egitasmoak Lakuako Gobernuko Turismo Sailaren finantziazioa jasoko du, Europar Batasunen (EB) NextGeneration funtsen Berreskuratze, Eraldaketa era Erresilientzia Planaren esparruan.
Gorbeia Bira bizikleta-ibilbideko atsedenlekua izango da aterpea. Era horretara, «Gorbeiako Parke Naturalean dagoen bizikleta-azpiegitura handitzeko balioko du», mendi gailur enblematiko horren gurutzeraino igotzen den ibilbidearen barruan, azaldu du Arabako Foru Aldundiko Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasuneko diputatu Saray Zaratek.
Birgaitzeko proiektuaren barruan hobekuntzak egingo dituzte «aterpeko teilatuan, fatxadan eta ate eta leihoetako arotzerian». Aurreratu dute, halaber, barrualdean hobekuntzak egingo direla espazio erosoago bat sortzeko. Hori dela eta, sukaldeko altzariak jarriko dituzte baita zurezko ohatzeak ere. Aterpeak, gainera, autokontsumorako ekoizpen elektrikoa lortzeko eguzki panel fotovoltaikoak izango ditu, «euri ura eta ur grisak biltzeko, berrerabiltzeko eta tratatzeko sistema bat eta egokitutako egurtegi berriak.