Duela 95 urte jaio zen Maria Angeles Garai, Bizkaiko lehen ikastolako lehen andereñoa
Bizkaiko lehen ikastolako lehen andereñoak 95 urte beteko lituzke gaur. Maria Angeles Garai Bilbon jaio zen 1930eko urtarrilaren 3an eta emakume aitzindaria izan zen. Haurrentzako euskarazko hezkuntzaren sustapenean lanean aritu zen eta etxean ere eman zituen eskolak.
Gaur 95 urte, 1930eko urtarrilaren 3an, jaio zen Maria Angeles Garai Bizkaiko lehen ikastolako lehen andereñoa, Bilbon. Pedagogia ikasketak egin zituen eta haurrentzako euskarazko hezkuntzaren alde lan egin zuen, erregimen frankistaren zapalkuntzaren aurrean.
Bilbon jaioa, Zazpikaleetan bizi izan zen txikitan, Axpe-Martzaako amarekin eta Laukizeko aitarekin. 1956an, 26 urte zituenean, Pariseko Euskal Mundu Biltzarrera joan zen ezkutuan eta han ezagutu zituen Karmele Esnal eta Elbira Zipitria, besteak beste.
Ondoren, Donostian egon zen Zipitriaren ikastolan hilabete batez. Eredu hori jarraitu zuen Xabier Peñak Bilbon jarritako ikastolak, Garai lehen andereño bezala izan zuena. 1957ko urrian ireki zen ikastola San Nikolas elizako katekesian.
Hurrengo urtean beste andereño bat hasi zen berarekin lanean. Baina, urte hartan San Nikolas elizatik bota zituzten eta Frantziskotarren komentura eraman zituzten. Han zeudela, irakaskuntzako ikuskatzaile batek jarritako salaketaren ondoren atxilotuak izan ziren eta etxe partikularretan hasi ziren eskolak ematen.
Euskal Herrian modu ofizialean ireki zen lehen ikastolan amaitu zuen irakasle lana, Resurrecion Maria de Azkue ikastolan. 2022an zendu zen, 92 urte zituenean.