Urtea bete da Maite Idirinen ahotsa itzali zenetik
Ugaon sortua, Angelun bizi izan zen urte luzez. 1968an Atahualpa Yupanki euskaraz abesteagatik famatua, zuzeneko emanaldi asko eskaini zituen.
Maite Idirin abeslaria 2024ko urtarrilaren 20an hil zen, gaur urtebete, 81 urte zituelarik. Ugaon, Bizkaian, sortua, Angelun, Lapurdin, eman zituen bere bizitzako azken urte luzeak. 1968an Atahualpa Yupanki euskaraz abesteagatik famatua, zuzeneko emanaldi asko eskaini zituen.
Disko asko argitaratu zituen, batzuk 45 rpm formatuarekin: ‘4 canciones de Atahualpa Yupanqui’, Paulo Iztueta eta Gabriel Arestik itzulita, ‘P. Iztuetaren lau poema’, ‘E. Mendizabal eta J. Apalategiren lau poema’, eta ‘B. Detxepareren lau poema’, eta gero argitaratu zen 33 rpm formatuarekin ‘Ahizpatasuna’.
«Jende askok aipatu izan dit kantu haiek oroitzen zituela oraindik ere, emozio anitz sortzen ziela kantuen entzuteak, eta gaur egungo formatu berrietara ekartzea izan da nire asmoa», adierazi zuen Idirinek 2015ean Baionako Eusko Ikaskuntzan egindako agerraldi batean.
Maite Idirinen kantuek eragin latinoamerikarra zuten, musika eta poesia elkarrekin uztartuz «pobreenen aurka egindako bidegabekeriak eta euskal kultura espezifikoaren alde lanean zebiltzanen aurka egiten ziren desmasiak salatzeko».
2023ko ekainean Jokin Apalategi eta Paulo Iztuetaren ‘Maite Idirin, herrigintzan kantuz’ liburua argitaratu zuen UEUk, euskal kantariaren ibilbidea jorratzen duena. Baionan egindako aurkezpenean Apalategik aitortu zuenez, Idirin gaixotu zenean pentsatu zuen liburua idaztea, bere ibilbidea irakurri ahal izateko eta «alaitasuna» emateko.
UEUk Maite Idirinek euskal herrigintzari egindako ekarpena zoriondu nahi izan zuen argitaratutako liburuaren bitartez. Idirin kantu irakaslea izan zen udako ikastaroetan, eta Gidor Bilbaok azaldu zuen UEU berarekin «zorretan» dagoela.
2014an, ‘ohorezko euskaltzain’ izendatu zuten Idirin beste 11 euskaltzalerekin batera, «urte beltz luzeetan ere» euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuten lana goraipatuz.