Gaurko egunez jaio zen Arantzazu Ametzaga idazle eta liburuzaina
Eusko Legebiltzarreko liburutegiko liburuzain nagusi eta sortzailea izan zen 1980 eta 1985 artean. Urkijo bilduma eskuratu ondoren, Ametzagak Eusko Legebiltzarreko sei katalogo bibliografikoen argitalpena zuzendu zuen, Euskal Herriko bibliografiaren historian mugarri izan zena.
Arantzazu Ametzaga Iribarren gaurko egunez jaio zen 1943an Buenos Airesen, Argentinan. Idazle, liburuzain eta feminista, Eusko Legebiltzarreko liburutegiaren sortzaileak 82 urte bete ditu gaur.
Bingen Ametzaga Aresti euskal idazlea eta politikaria zuen aita, eta Mercedes Iribarren Gorostegi, Areetan finkatutako mutrikuar enpresari-familiakoa, ama. 1936ko gerraren ondorioz gurasoak Amerikara erbesteratu ostean, Argentinan jaio zen, baina Montevideotik igaro ostean, familia Caracasen finkatu zen.
Bibliotekonomia ikasketak egin zituen Venezuelako Unibersitate Zentralean, Humanitateen arloan. Bibliotekonomian lizentziatu zen 1969an eta Caracasko Estatu Batuetako enbaxadan lan egin zuen.
Ametzagak gogoz parte hartu zuen Caracasko eusko etxeko giro politikoan, hitzaldiak eskainiz eta zentroaren hainbat komunikabidetan kolaboratuz. Era berean, Venezuelako Radio Euzkadi irratiarekin kolaboratu zuen Santa Luciatik emitituko ziren artikulu politikoak idatziz.
Caracasen ezkondu zen 1965ean Pello Irujorekin eta bertan jaio ziren haren lehenengo hiru semeak: Xabier, Pello eta Mikel. 1972an Nafarroara etorri zen senarrarekin eta Iruñean jaio zen laugarren semea, Enekoitz.
Behin Euskal Herrian, Eusko Legebiltzarreko liburutegiko liburuzain nagusi eta sortzailea izan zen 1980 eta 1985 artean. Eusko Legebiltzarreko Liburutegia 1982ko urtarrilean hasi zen funtzionatzen Parlamentuan eztabaidatutako gaien dokumentazio bibliografiko eta artxiboko zentro gisa.
1982ko ekainean Juan Ramon Urquijo Funtsa jaso zuen euskal kulturaren inguruko liburu oso baliotsuekin eta euskaraz argitaratutako liburu zahar anitzekin. 1984an, liburutegiak 11.000 liburu zituen jada, legebiltzarkideentzat zabalik, nahiz eta Ametzagak ikertzaileei ere ireki nahi zien liburutegia.
Ametzagaren helburuetako bat bere bildumetako edukiari buruzko informazioa emango zuten katalogoak bibliografikoak prestatzea zen. Urkijo bilduma eskuratu ondoren, Ametzagak Eusko Legebiltzarreko sei katalogo bibliografikoen argitalpena zuzendu zuen, Euskal Herriko bibliografiaren historian mugarri izan zen proiektu hau.
Bestalde, trantsizioaren lehen urteetan, Arantzazu Ametzagak agenda politiko aktiboa garatu zuen, ehunka mitin eman baitzituen 1976 eta 1985 artean. Urte batzuk politika aktibotik kanpo egon ondoren, 1998an hasi zen berriz ere hitzaldiak ematen. Eguesibarko udaleko zinegotzi izan zen Nafarroa Bai taldearekin 2007tik 2011era eta Altzuzako Kontseiluko kide 2015 eta 2019 artean.