Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Gaur X urte

Joseph de Mazarredo itsasgizon ilustratua jaio zen XVIII. mendeko Bilbon

Arras ezaguna da Bilboko Mazarredo zumardia. Hiriaren erdigunean kokatuta, Bilboko mugimendu ekonomikoaren kokaleku, XVIII-XIX. mendeko itsasgizon bitxi bati zor dio izena. Duela 280 urte jaio zen Joseph de Mazarredo Bidebarrieta kalean.

Mazarredo Jean François Marie Bellierek 1800an margotu zion erretratuan.
Mazarredo Jean François Marie Bellierek 1800an margotu zion erretratuan. (Madrileko Itsas Museum | WIKIPEDIA COMMONS)

Joseph Domingo Mazarredo Salazar Muñatones Gortazar 1745eko martxoaren 8an jaio zen Bilboko Bidebarrieta kaleko 14. zenbakian kokatuta zegoen jauregian. Familia noble baten semea, aitaren aldetik Salazar de Muñatones sendikoa zen; hau da Bizkaiko leinu gorenetakoaren partaidea. Aita, aitona eta bere anai zaharrena –Juan Rafael José Ciriaco de Mazarredo y Gortázar– Bizkaiko Diputatu Nagusiak izan ziren.

Ezkondu ere bere leinuko batekin egin zuen Josephek; 1778. urtean, hain zuzen ere, María Antonia de Moyua Mazarredorekin ezkondu zen, bere iloba zena. Alaba bakarra izan zuen bikoteak, Juana de Mazarredo eta Moyua.

Bere estatus sozialarekin bat zetorren hezkuntza zabala jaso zuen Josephek, eta eragin handia izan zuen berarengan XVI. mendeko Bilbon arnasten zen giro ilustratua. 14 urterekin Itsas Armadan hasi zituen ikasketak, zehazki Cadizko Real Compañia de Guardias Marinas-en sartu zen.

Behin ikasketak burutu ondoren, bere denbora Cadiz eta Cartagenaren artean eman zuen, itsastar-bidaiak ikasketa teorikoekin txandakatuz. 1766an lortu zuen bere lehen titulu militarra. Hainbat itsas borrokatan ibili ondoren, eskuadrako buru izendatu zuten (1783). Cadizen, Nelson britainiarraren eskuadraren aurkako defentsa antolatu zuen (1797).

Napoleonen aurrean Españako Armadaren enbaxadore lanetan ibili ondoren, Bilbora itzuli zenean ‘Zamakolada’ harrapatu zion. 1804ko uztailean Bizkaian, Bilbon eta Ibaizabal ibaiaren bokale aldeko herrietan bereziki, gertatu zen herri-altxamendua honetan foruen alde eta soldadutzaren aurka borrokatu zuten herritarrek.

Bakegile lanak egin zituen arren, erregearen ordezkariak Bilbora iritsi zirenean preso hartu eta erbesteratu zuten Mazarredo. Lehenengo Burgosera bidali zuten, gero Santoñara eta azkenik Iruñeko zitadelara. Han egon zen 1807 urtera arte.

Estatuan Independentziako Gerra hasi zenean (1808), Borboiek Cadizera deitu zuten berriro ere, baina Mazarredo Baionara joan zen, Josef Bonaparte Espainiako erregearen izendapenaren lekuko izatera. Hark estatu-idazkari eta armadako zuzendari izendatu zuen.

Borboiekin minduta zegoen erabat eta ‘afrantsesatuekin’ bat egin zuen. Madrilen zendu zen 1812ko uztailaren 29an.