GAUR8 - mila leiho zabalik

“A dos metros” kamisetak, arauak modu sinpatikoan gogoratzeko

Garazi Valluercak eta Nicolas Alba Ricok “A dos metros” marka sortu dute, bizi dugun garaian distantzia sozialaren garrantzia gogorarazteko. Oraingoz beren bost diseinurekin atondutako kamisetak aurkeztu dituzte.

Hauxe diseinuetako bat

Garazi Valluercak eta Nicolas Alba Ricok konfinamenduan ezagutu zuten elkar, bideokonferentzia bidez, beste lagun bat tarteko. Biak sortzaileak dira eta itxialdian bururatu zitzaien elkarrekin proiektu bat martxan jartzea. “A dos metros” izeneko marka sortu dute eta dagoeneko lehen emaitzak salgai dituzte. Guztira 30 bat diseinu osatu dituzte eta oraingoz horietako bost erabilita atondu dituzte kamisetak.

Babes neurrien eta arauen garaia da, ardura kolektiboaren sasoia. «Pentsatu genuen egokia izan zitekeela arauak, batez ere distantzia sozialarena, modu sinpatikoan zabaltzea. Gure diseinuen helburua hori da», azaldu du Alba Ricok. «Gure bizitzekin segitu nahi dugu eta normala da. Baina bizi dugun egoeraz kontziente izan behar dugu eta tentuz ibili, neurriak ez ahaztu. Hori da gure kamisetekin zabaldu nahi dugun mezua».

Kotoizkoak eta ekologikoak

Oraingoz bost diseinu jarri dituzte jendaurrean. Kamiseta zuriak eta beltzak dira eta marrazki desberdinak dituzte. Eta ekologikoak dira. «Serigrafian inprimatzen dugu diseinua. Eskuz egiten den teknika bat da. Ehuneko ehunean kotoizko produktu ekologikoa da eta garrantzitsua da hori guretzat. Kamisetak kalitate oso onekoak dira», esan du Valluercak.

Diseinuak sare sozialetan ikus daitezke eta Ultzama Fundazioaren webgunean eros daitezke. Izan ere, Ultzama Fundazioarekin batera jarri dute martxan proiektua bi sortzaileek. «Bat egiten dugu Ultzama Fundazioaren balioekin; ekologia, berdintasuna, justizia soziala, integrazioa… gainera, Fundazioaren bultzatzaileak mediku bat eta erizain bat dira, pandemian lehen lerroan lanean aritu direnak. Bat egiten dugu haien mundu ikuskerarekin eta guretzat garrantzitsua da proiektua haiekin partekatzea».

Oraingoz hauxe da “A dos metros” markaren lehen urratsa. Baina asmoa aurrera begira jarraitzea da. «Etorkizunean marka horrekin beste proiektu batzuk bultzatzea gustatuko litzaiguke. Pausoz pauso joango gara», amaitu du Alba Ricok.