10 JUN. 2020 Urdaibai Bird Centerrek larunbat honetan zabalduko ditu berriz ateak, 180.00 bisita birtualen ostean Osasun larrialdiagatik martxoaren erdialdetik itxita egon ostean, ateak zabaltzeko unea heldu zaio Urdaibai Centerri. Larunbat honetan izango da, beharrezko neurriekin eta berrikuntza batekin: erakusketa berri bat. Hilabeteotan 180.000 bisita birtual baino gehiago izan dituzten zuzeneko emanaldiak mantenduko dituztela iragarri dute. Urdaibai Bird Centerren irekierak eskainiko dituen irudi ederretako bat. (Urdaibai Bird Center) GAUR8 Ez dira hilabete errazak izan naturarekin gozatzeari begira dauden proiektuentzako, konfinamenduarekin itxialdia heldu zen eta zentro ezberdinek ateak itxi behar izan baitzituzten. Hala ere, Urdaibai Bird Centerren kasuan, pozik egoteko soberako arrazoiak dituzte. Zentroa itxita egon bada ere, paduretan kokatutako kamarek jasotzen dituzten zuzeneko irudiak eskaini ahal izan dizkiote publikoari webgunearen bitartez, eta zuzeneko emanaldi horiek 180.000 bisitatik gora izan dituzte. Toki askotako konexioak izan dituzte, baina Katalunia, Madril eta Bilbo Handiko bizilagunak izan dira «jarraitzaile fidelenak», ohar batean zehaztu dutenez. Argi dagoena da irudi eder horiek konfinamendu gogorreko egun haietan lagun askorentzat gozagarri izan direla, eta ahalegin handia eskatzen duen egitasmoarekin jarraitzeko asmoa agertu dute, herritar ugariren gozamenerako. Hala ere, zentroak aurrez aurreko bisitak berrekuratu behar ditu, eta irekiera segurtasun neurri eta protokolo guztiekin egingo dutela iragarri dute. Azaldu dutenez, segurtasun-distantziak bermatzea ez da zaila izango zentroaren dimentsio handiengatik, baina edukiera-mugak, higiene-neurriak eta maskaren nahitaezko erabilera iragarri dituzte. «Mirariak» erakusketa batean Irekierak berrikuntza bat dakar: «Urdaibaiko Erreserbak dituen zenbait mirari» biltzen dituen «erakusketa harrigarri» bat. Aurreratu dutenez, «hegaztiak ez ezik, erreserbak eskaintzen duen biodibertsitatearen adibide paregabeak» erakutsiko ditu ekimen berriak. Irekierarekin bisitariek aurkituko dituzten protagonistetako batzuk ere zehaztu dituzte: «Saharaz hegoaldeko Afrikatik datozen mokozabalak, gorteatzen dabiltzan arrano arrantzaleak, paduran ugaltzen ari diren zankalauze dotoreak eta egunero inguruan dabilen azeri bat».