GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskal esamoldeak, ligatzekoak barne, dinamikoago Instagramen Botaba Unibertsoa sakatuta

Ligatzerakoan, parranda-giroan, adarra jotzeko… eta horrelako egoera ezberdinetan jarduteko euskal esamolde kolokialak eskaintzen dituen Botaba Unibertsoa berrikuntzekin dator. Gazteei bereziki zuzenduta, urte osoko ekimen jarraia izango da, esamoldeen inguruko erronkak proposatuko ditu eta aurpegi ezagunen kolaborazioa izango du. Euskarria, Instagram.

Este navegador no soporta el elemento video.


Labayru Fundazioaren ekimena da Botaba Unibertsoa, eta egitasmoak lagunartean erabiltzen diren «euskal esamolde kolokialen erabilera gazteen artean modu dibertigarri eta ludikoan» sustatzea du helburu.

Bideo-lehiaketa bezala jaio zen Botaba Erronka izenarekin eta orain ideia eraberritu eta proposamen berriekin dator. Hasteko, oraingo proposamena ekainean hasi eta urte bukaerara arte luzatuko da, gazteekin interakzioa sustatuko du, eta bide horretan erronka ezberdinak planteatuko ditu, baita sariak banatu ere.

«Ligatzerakoan, parranda-giroan, lagunari adarra jotzeko… adierazkortasunez jarduteko beharrezko baliabideak jolasaren bitartez ezagutarazi nahi ditugu, parte-hartzaileekiko interakzioa sustatuz», azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek.

Eduki didaktikoen ondoan, «egunean-egunean euskal esamoldeei lotutako erronkak» planteatuko dituztela zehaztu dute, gazteen «egunerokoan baliagarriak bezain erabilgarriak izan daitezkeen esaldi eginak eskura ditzaten».

Hiztegi fraseologikoa, kolaboratzaileak eta sariak

Labayru Hiztegi Fraseologikoak jarraituko du edukien oinarria izaten eta, aldi berean, «kaleko erabilera naturala ere ekarri nahi dugu Botaba Unibertsora, erdi ezkutuan dauden esamoldeak agerira ateraz», nabarmendu dutenez.

Orain arte bezala, esparru ezberdinetako euskal pertsonaien kolaborazioa izango dutela jakinarazi dute. Kirol mundukoak, kultura arlokoak eta komunikazioaren esparruko ezagunak izango dira, besteak beste, eta «lekuan lekuko esamolde fresko, kolokial eta lagunartekoen» berri emango dute.

Astero, @botabaunibertsoa Instagram kontuan «asmakizunak, hizki-zopak, jolasak, galderak edota hieroglifikoak bezalako probak izango dituzte parte hartzaileek, eta «gazteen zaletasunen araberako sariak» egongo direla iragarri dute ekimenaren arduradunek.