GAUR8 - mila leiho zabalik

Hotzak, eta ez beroak, eragiten ditu tenperaturarekin zerikusia duten ia heriotza guztiak

Berotze globala dela-eta, mundu osoan muturreko klimako egun kopurua handitu egin da, eta ez da harritzekoa azken urteetan bero handiak ospitaleetan eragindako sarrerek gora egin izana. Baina tenperaturarekin zerikusia duten ia heriotza guztiak  hotzak eragiten ditu, 'Environmental Research' aldizkarian argitaratutako azterlan baten arabera.

Hotzak beroak baino heriotza gehiago eragiten du (Idoia Zabaleta - FOKU)

Illinois Chicagoko (Estatu Batuak) Unibertsitateko ikertzaileek egindako lan berri horretan, tenperatura baxuek ondorioz tenperaturarekin lotutako heriotzen %94en erantzule izan ziren, nahiz eta hipotermiak  opitalera tenperaturarekin lotutako bisiten %27 bakarrik eragin zituen.

Lee Friedman laneko buruak azaldu duenez, “azken hamarkadetan klima hotzeko egun kopurua murriztu denez, klima hotzak beroak baino heriotza gehiago eragiten ditu. Hori, neurri batean, hipotermia instalatutakoan gorputzak termorregulatzeko gaitasun txikiagoa duelako gertatzen da; baita, oro har, klima hotzeko egun gutxiago daudelako ere, jendeak ez du hotzera egokitzeko denborarik egun hotz bakanago horiek gertatzen direnean".

Hipotermia edo gorputzaren erdiko tenperatura behera egiteko ez da tenperatura subartikorik behar. Pixka bat hotzak diren tenperaturek ere has dezakete hipotermia. Hori gertatzen denean, organoak eta sistemak itzali egiten dira garuna zaintzeko ahaleginean. Prozesua, behin hasita, kokntrolatzen zaila izan daiteke; hala ere, tenperatura baxuagoetan maizago egoten diren pertsonak gaiago dira hipotermiari aurre egiteko.

"Aztertutako erregistroetan etxebizitzarik ez zuten pertsonek hiltzeko aukera gutxiago zituzten tenperaturarekin lotutako lesioengatik. Aire zabalean gehiago egoten direnez, hobeto egokitzen dira berora eta hotzera", nabarmendu du Friedmanek.

Hotzak eragindako lesioen arriskuaz kontzientziatzea

Friedmanek eta haren lankideek ere ikusi zuten Illinoisen 2011 eta 2018 artean ospitalera egindako bisiten kostuak mila milioi dolar ingurukoak izan zirela. 65 urtetik gorako helduak eta beltzak  tenperaturarekin lotutako lesioengatik ospitaleratzeko aukera ia bi aldiz handiagoa izan  zen. Tenperatura baxuen ondorioz ospitale batera joaten ziren pertsonek osasun arazo ugari ere izaten zituzten, hala nola arazo elektrolitikoak, gaixotasun kardiobaskularrak eta giltzurrunetako gutxiegitasuna.

"Gaur egun, osasun publikoko komunitatea beroak eragindako lesioetan oinarritzen da ia bakarrik. Gure datuek erakusten dute hotzak eragindako lesioen arriskuari buruzko kontzientziazioa eta hezkuntza hobetu behar direla, batez ere egun hotz gutxiago baina gogorragoak daudelako, eta horrek aklimatazio-aukera gutxiago ematen ditu", dio Friedmanek.