GAUR8 - mila leiho zabalik

«Euskera» ehun urteko agerkari akademiko-zientifikoa, eraberrituta eta digitalizatuta

Euskaltzaindiaren «Euskera» agerkari akademiko-zientifiko eraberritu batek mendeurrena ospatzen du aurten. Osorik digitalizatuta, orain zenbaki guztiak eta artikuluak «pdf» formatuan jaisteko aukera dago, laburpen oharrak gehitu zaizkie artikuluei eta ikertzaileek lana bidaltzeko bide errazago bat dute.

Esukaltzaindiaren «Euskera» agerkariak ehun urte betetzen ditu. (Euskaltzaindia)

“Euskera” agerkari akademiko-zientifiko ‘gaztetu’ batek ehun urte betetzen ditu aurten. Osorik digitalizatu da, eta zenbaki guztiak eta artikulu solteak «pdf» formatuan jaitsi daitezkeela azaldu du Euskaltzaindiak.

Horrez gain, artikuluei laburpen-oharrak gehitu zaizkie baita bilatzaile bizkorra jarri ere, eta berrikuntzen artean ikertzaileek artikuluak bidaltzeko prozedura erraztu dela nabarmendu dute.

Euskaltzaindiak gogoratu duenez, 5.000tik gora item jasotzen dira argitalpenean, eta horietatik 2.000 inguru ikerketa-artikuluak dira. Zehaztutakoaren arabera, artikuluak «indexatuta (homologatuta) daude 2009tik, eta hainbat aurkibide zerrenda eta datu-baseetan agertzen dira».

Beraz, egun www.euskaltzaindia.eus/euskara estekan sakatzen duen erabiltzaileak eraberrituta aurkituko du agerkaria. Azken pausua da baina «etenik gabeko eraldaketan» beste bat baino ez dela adierazi du Euskaltzaindiak, eta nabarmendu du azken urteetan egindako berrikuntzen artean artikuluak homologatu, ebaluatzaileak jarri, prozedura estandarizatu eta zuzenketa linguistikoa egiteko Hizbea zerbitzua sortu dela, besteak beste.

Berripaper ofiziala

«Euskararekin lotutako ikerketa eta antzeko lanak plazaratzen» ditu “Euskera” agerkariak, «bereziki Hizkuntzalaritza eta Filologia esparrukoak, eta inoiz, euskal kulturari lotutakoak ere bai», azaldu du Euskaltzaindiak.

Izan ere, erakundearen «berripaper edo agerkari ofiziala» dela gogoratu du, Akademiaren bilkura eta erabakien berri ematen duena, eta azken hamarkadan bi eratako zenbakiak ditu “Euskara”-k, bizitza akademikoa jasotzen dutenak eta ikerketa artikuluak biltzen dituztenak.

Ehun urteko ibilbideari begira gogoratu du Euskaltzaindiak 1919an agertutako lehen zenbakia Pier Lhande euskaltzainak gidatu zuela eta hari zor zaiola ale hartan agertzen diren «euskaltzain guztien zerrenda, erakundearen organigrama, euskaltzain oso bakoitzaren curriculum xehea eta lehen hildakoen (Txomin Agirre eta Pierre Broussain) hilberri-txosten laburrak».

1936ko gerrak ekarritakoa ere aipatzen du historiaren atalean, gerrak eta diktadurak «erabateko etena» ekarri baitzuten eta «1953ra arte ez zuen jaso berriz publikatzeko baimena».