GAUR8 - mila leiho zabalik

«Zuk aukeratzen duzu zure itsasoa», Deustuko Unibertsitateko ikasleen kanpaina hondakinen inpaktuen aurrean

Deustuko Unibertsitateko ikasleek «Zuk aukeratzen duzu gure itsasoa» kanpaina jarri dute martxan. Horren barruan hondakinak bildu dituzte hondartzan, horiekin eskultura egingo da eta datorren astean Donostiako campusean egongo da ikusgai. Sentsibilizazio jarduera gehiago iragarri dituzte datozen hilabeteetarako.

Ikasleak, Zurriolako hondartzan hondakinak biltzen. (Deustuko Unibertsitatea)

Hondakinek uretan duten eraginaren inguruko kanpaina «URA 20-21» ekimenaren barruan dago eta Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Ingurumen Boluntariotzako eta Berrikuntza eta Ekintzailetzako ikasleak eta ekintzaileak burutzen ari dira. Helburua «itsasora jaurtitzen ditugun hondakinekin eta zaborrarekin urari eta ingurumenari eragiten diogun kaltearen inguruan sentsibilizatzea da», azaldu dutenez.

Uraren kutsaduraz gain ur eskasiaren krisia ere jorratuko duten gaietako bat izango da. Nabarmendu dutenez, arazoak munduko populazioaren %40 baino gehiagori eragiten baitio.

Kanpaina urrian jarri zuten martxan ikasleek, hezkuntza-komunitatea eta gizartea kontzientziatzeko. Pasa den asteburuan beste urrats bat egin zuten. Donostiako Zurriolako hondartzan, hondakinen bilketa egin zuten ikasleek eta zaborrarekin eskultura bat osatuko du Peio Arnaez, Donostiako Campusean ikusgai izango dena.

Enkantea

Kafetegi ondoan jarriko duten irudiarekin enkantea egingo dute eta bildutako dirua Alboan gobernuz kanpoko erakundeak urarekin lotutako proiektu bat finantzatzeko erabiliko dute.

Ekintzak «URA 20-21’» elkarlaneko gunearen barruan daude. Kolaboraziorako espazio hori Alboanek, AQUADAT startup-ak eta Deustuko Unibertsitateak sortu dute eta Garapen Iraunkorreko 6. helburua den «ura eta saneamendua denentzat 2030 baino lehen» egitasmoarekin lotutako tailerrak, jardunaldiak eta bestelako ekintzak bultzatzea du helburu.

Iragarri dutenez, hurrengo hilabeteetan «kontzientziazio, ikerketa eta mobilizazio jarduera gehiago» izango dira. Horien artean zineforuma, “Botilaren erronka” edo Creaction! programa nabarmendu dituzte. Jardueren datak eta informazioa “URA 20-21” proiektuaren web orrian eskuratu ahal izango direla zehaztu dute.