23 DIC. 2020 16 bertsolari gaztek parte hartuko dute IX. Izeta Sariketan Abenduaren 27an jokatuko da sariketa Iruritan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatuta. Sariketaren kartela GAUR8 16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik parte hartuko dute IX. Mariano Izeta Bertso Sariketan. Datorren igandean, abenduaren 27an, jokatuko da, Iruritako Gizarte Bilgunean. Egun osoko egitaraua antolatu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak: goizean bi kanporaketa izango dira, zortzina bertsolarirekin. Hortik sei sailkatuko dira arratsaldeko finalerako. Honako bertsolariak dira parte hartuko dutenak: Patxi Castillo (Bera), Bittori Elizalde (Iruñea), Irati Majuelo (Iruñea), Aitor Irastortza (Azpirotz), Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Ainara Ieregi (Barañain), Mikel Lasarte (Barañain), Beñat Astiz (Barañain), Sarai Robles (Barañain), Amaia Lasheras (Barañain), Endika Legarra (Iruñea), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Xabat Illarregi (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera), Idoia Granizo (Altsasu) eta Ekain Alegre (Altsasu). Aforoa mugatua Pandemia egoeraren ondorioz, aforoa mugatua da eta sarrerak aldez aurretik banatuko dira. Goizeko bi kanporaketetarako sarrera librea da, baina aforoa kontrolatzeko neurriak direla eta, tokia erreserbatzea derrigorrezkoa da. Horretarako aldez aurretik nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzi beharra dago, izen-abizenak eta telefonoa zehaztuz. Arratsaldeko finalerako sarrerak, berriz, www.bertsosarrerak.eus atarian erosi beharko dira, abenduaren 27ko 15:00ak baino lehen. Izeta Sariketak Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Horrez gain, Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada eman nahi die sariketak, plazak eskainiz.