GAUR8 - mila leiho zabalik

«Zomorroaren kronika bat» erakusketa, pandemiaren inpaktuen irudiak

Koronabirusak gizartean izan dituen eraginak eta ezarri duen bizimodu berria islatu ditu Beñat Lizaso urnietarrak «Zomorroaren kronika bat» erakusketan, pandemiaren argazki-kronika bat eginez. Etxepare aretoan inauguratuko da ostegun honetan, 18.00etan.

Beñat Lizasoren lanetako bat, irudian.

EHUn Kazetaritzan graduatua, ekitaldien argazkilari gisa lan egiten du Beñat Lizasok (Urnieta, 1998). Azken urtean, pandemiak, itxialdiak, koronabirusak… normaltasuna astindu eta gizarte oso bat kolpatu du. “Zomorroen kronika bat” inpaktu horiek uzten dituzten irudiak biltzen ditu, begirada bakarkadean, ziurgabetasunean edo bizimodu berrian jarrita.

«Gizartea osatzen duten hainbat talde aurkezten ditu egileak, beti ere pandemia garaian, eta talde bakoitza une horretan bizitzen ari dena erakusteko asmoz», aurreratu dute bildumaren inguruan.

Erakusketa “Adinekoak” izeneko atal batekin abiatzen da, osasun larrialdiaren kolektibo zaurgarrienean fokua jarriz. Bakardadea ere islatzen dute udako egun eguzkitsuetan Kontxako hondartzako pasealekuan ibiltzen diren horien irudiak, denak ez dira familiak ezta gazteak, kaleetan bakardadeak duen aurpegia erakusten du “Itsasoa ere grisa bihurtu daiteke” atalak.

Gazteak eta baserritarrak

“1998an jaiotako horiek” izeneko atalean subjektu nagusiak gazteak dira. Lizasok bere adineko gazteekin antolatutako zita ezberdinetan ateratako argazkiak dira. «Pandemiak lan mundura ateratzekotan zirela harrapatu zituen gazte hauetako asko, beste batzuk lanean ari ziren dagoeneko. Hala ere, pandemiak etorkizuneko planak nola edo hala moldatu dizkie», azaldu dute irudien atzeko gakoez. Irudiez gain, protagonisten ahotsetik entzun ahal izango da zein den euren egoera pertsonala bideo instalazio bati esker.

“Gelditzen ez direnak” atalean, Urnietako Gurutzeta baserriko Maite Otaño eta Joseba Lete dira protagonista. Lizasok lan egun oso bat igaro zuen haiekin. Goizean goizetik hasi, Hernaniko plazan jartzen duten postuan, eta arratsaldera arte bizitakoaren emaitza da. Atalak lehen sektoreak bizi duen egoerari begiratzen dio, produktuak merkaturatzea berehala debekatu zitzaien baserritarren munduan zentratuta, eta saltzen ez den hori alperrik galdu eta uzta berria prestatzeko duten beharra kontuan hartuta.

Familiari “Etxe barruko arrastatzea” kapitulua dedikatzen dio. «Lizasok itxialdiarekin eman zion hasiera lan honi, hortaz, sormenari bidea ireki zion lehenengo gauza familia izan zen. Bere bikoteari gitarra jotzen ari zela ateratako argazki batekin hasi zen dena«, zehaztu dutenez.

«Argazki horrekin hasi eta itxialdian pasa zen guztia erakusten digu», aurreratu da «ama sukaldean, aita lorategian, anaia klasean, bideodeiak, ile-apaindegia etxeko sukaldean…» bezalako uneak ikuslearen aurrean jartzen dituen irudien bildumaz.


Erakusketa ostegun honetan inauguratuko dute, eta aurrerantzean, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 19:30era egongo da zabalik. Sarrera dohainik da. Beñat Lizasoren eskutik bisita gidatuak egiteko aukera egongo da otsailaren 3an eta 17an, sei laguneko taldeetan.