GAUR8 - mila leiho zabalik

Urdaibai Bird Center: 25.000 bisita zentroan eta 290.000 pantailetatik, pandemiaren urtean

Pandemiak baldintzatutako urtean Urdaibai Bird Centerrek jaso duen bisitari kopuru handia nabarmendu du: 25.000 lagun baino gehiago izan dira zentroan eta 290.000 baino gehiago zuzeneko emanaldiak jarraitzen, itxialdiaren erdian paduren altxorrarekin gozatzeko leiho bat eskainiz.

Flamenkoak, Urdaibaiko paduretan. (Urdaibai Bird Center)

Pandemiak mundu osoan bizimodua goitik behera astindu duen urtean, Urdai Bird Center bezalako proiektuek naturari begiratzeko leiho zabal bat mantendu zuten konfinamendu gogorreko hilabeteetan ere, eta horrek «oso datu positiboak» utzi ditu egunero Urdaibaiko paduretako altxorra erakutsi eta balioan jartzen duen zentroan.

Zentrokoak 2020an jasotako bisiten datuak ezagutarazi ditu ohar batean. Nabarmentzen duenez, konfinamendu zorrotzak eta ondoren etorri diren mugikortasun murrizketek bisiten kopuruan eragin du, aurrez aurreko bisita gutxiago egon dira, eta nabaritu dute bisitari atzerritarren falta ere. Hala ere, zentroarentzat «oso urte oparoa» izan dela azaldu dute. 25.092 lagun bertaratu dira, eta pantaila txikiaren bidez 290.114 jarraitzaile izan zituen, familiak eta norbanakoak.

Urteak izan zuen bilakaerari begiratuta, azaldu dute «bistari fluxu interesgarri batekin» hasi zela. Itxialdia ezarri zenean aurrez aurreko bisitak desagertu ziren, baina milaka lagun Urbaibaiko paduretako zuzeneko emanaldietara lotu zirela gogoratu dute, Biosfera Erreserbarentzat kanpoan «aparteko oihartzuna« lortuz.

Deseskaladaren ondoren, uztailean eta abuztuan jasotako bisitarien kopurua «harrigarria» izan zela nabarmendu dute, aurreko urteko udarekin alderatuta %10eko gorakada izan baitzuten. Udazkenean, murrizketen ondorioz bisitek behera egin zuten berriro eta, hala ere, «zuzeneko emanaldi birtualek datu oso interesgarriak» utzi zituzten berriz ere.

Konfinamenduek naturari emandako arnasaldia nabarituko zuten agian «biodibertsitatearen paradisuak» izaten dituen protagonista nagusiek. Emandako datuen arabera, «250 hegazti espezie inguru izan dira santutegi txiki hau kolorez eta alaitasunez bete dutenak». Arrano arrantzalea, zezen-txoria eta hegoaldetik heldutako flamenko bitxiak aipatu dituzte, besteak beste. Urdaibai Bird Centerren nabarmentzen dutenez, «Covid-19aren ondorioz gizakia aldi baterako ingurune naturaletik desagertu» den urtean «naturak bere egunerokotasuna jarraitu izan du, eta Artikotik Saharaz azpiko Afrikarako bidaiak etengabeak izan dira Urdaibain».