GAUR8 - mila leiho zabalik

Ikasleek sortutako kosmetiko naturalak, beraiek antolatutako ekintzailetza azokan

Bilboko Arce Lanbide Heziketako ikastetxeko 30 ikaslek ekintzailetza azoka antolatu dute, Hezkuntza Sailak Tknikaren bitartez kudeatzen duen Ikasenpresa programaren barruan. Ikasleek eurek sortutako kosmetiko naturalak salgai dituzte.

Kosmetiko naturalak ekoitzi dituzte ekimenaren barruan. (Arce Ikastetxea)

Ekintzailetza azokak pasa den otsailaren 1ean zabaldu zituen ateak Bilboko Arce ikastetxean bertan. Estetika Integrala eta Ongizatea goi-mailako ikasleek bultzatu dute ekimena ikasketa prozesuaren barruan. Ikastetxeak zehaztu duenez, Lakuako Hezkuntza Sailaren Ikasenpresa programaren baitan garatutako jarduera da, eta 30 ikaslek hartzen dute parte.

Azoka antolatzeraino eraman den prozesuari dagokionez, azaldu dute ikasturtean zehar sei ikasle taldek zenbait enpresa sortu dituztela eta enpresa bakoitzak produktu bat ekoitzi duela. Azaldu dutenez, «%100 natural eta jasangarriak diren kosmetikoak» sortu dituzte, «animaliengan testatu gabeak» eta osagai nagusien artean olio esentzialak, kafea edo karite koipea dutenak. Aurpegiko kremak, gorputz lozioak, begi-zuloetako tratamenduak eta esfoliatzaielak sortu dituzte, besteak beste.

Gaitasunak landu

Produktuak sortzeko prozesuez gain, ekintzailetzarako funtsezkoak diren gaitasunak landu dituztela nabarmendu dute zentroan: lidergoa, ekimena, auzo-kudeaketa, talde lana edo erabakiak hartzeko gaitasuna bezalako arloak praktikara eramanez. Esan dute, bestalde, azaroan kongresu birtual batean parte hartu zutela gainontzeko Lanbide Heziketako ikasleekin euren esperientzia eta negozio ideiak elkarbanatzeko.

Beste edizioetan ez bezala, ikasleek aurten ezingo dute proiektua Eibarko Azokan amaitu baina azoka honek ekintzailetzarako gaitasunak demostratzeko aukera eman die.

Azoka zabalik dago Arce ikastetxean astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 21:00era, etenik gabe.