GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskal Udalekuetan izena emateko epea astelehenean zabalduko dute

Udan, naturan, kuadrillan eta euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen duten Euskal Udalekuek izena emateko epea zabalduko dute astelehenean. Bernedon, Abaigarren eta Goñin etxeak prest daude, osasun neurriei egokituta, udako abentura zain dagoelako.

Haur talde bat Euskal Udalekuetan, Bernedon. (Euskal Udalekuak)

Ikasturte gogor honen ostean etxeko gazteenen artean asko dira udan naturaz gozatzeko gogotsu dabiltzanak, eta Euskal Udalekuetan aukera aproposa aurki dezakete asmoa abenturaz beteriko uda kuadrillan eta euskaraz pasatzea bada. Eskaintza badago webgunean ikusgai eta izena emateko epea astelehenean zabalduko dutela iragarri dute.

Osasun egoerak eskatzen dituen neurrietara egokituta, 40 urte baino gehiago dituen euskara hutsezko proiektua berrikuntzekin dator aurten. Ohiko hiru etxeak izango dira protagonista nagusiak Bernedon, Abaigarren eta Goñin.

Euskara hutsez ospatzen diren egonaldien helburua harreman osasuntsuak sortzea ere bada inguruarekin gozatuz baina naturarekiko konpromisoa ahaztu gabe.

Izena emateko webgunean dagoen fitxa bete behar dute familiek. Zehaztu zute gehienez hiru haurren-gazteren eskaerak onartuko direla eta hirukoak izango direla taldeak «asko jota».

Izen-emate epea zabalik egongo da txandak guztiz bete arte, eta apirilaren 5etik aurrera, plaza baino eskaera gehiago dauden txandetan aukeraketa egingo dela aurreratu dute, finkatutako hainbat irizpideren arabera, besteak beste parekidetasuna edota ahalik eta herri gehienetako lagunen parte-hartzea bermatzeko.

Apirilaren 19an argitaratuko dituzte plaza duten haurren zerrendak. Dagoeneko, hiru etxetako txanden plangintza eskuragarri dago webean.