GAUR8 - mila leiho zabalik

Hostopostoak, euskaraz eta familian jolasteko programa abiatu du Bilboko Euskararen Etxeak

Familian eta lagun giroan euskaraz jolastea helburu duen proposamena zabaldu du Bilboko Euskararen Etxeak. Programak Hostopostoak izena du eta larunbat honetan jarriko da martxan, 4 eta 10 urte bitarteko haur eta etxekoei zuzenduta. Parte hartzeko aurretik eman behar da izena.

Euskararen Etxea Bilbon, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroan Hostopostoak familientzako programa abiatuko dute larunbat honetan. Ekimena doakoa da eta helburu bikoitza du, euskararen erabilera indartzea eta familia giroko jolasak sustatzea.

Proposamena 4 eta 10 urte bitarteko haurrei eta haien etxekoei zuzenduta dago eta hileko azken larunbateetan egingo da. Jolasa izango da jardueraren ardatz nagusia eta «mahai jolas erraldoi bat» baliabidea, aurreratutakoaren arabera.

Esperientzia hiru txandatan antolatu dute eta bakoitzak 50 minutuko iraupena izango du. Lehenengoa 11.00etan hasiko da, 12.00etan bigarrena eta azken saioa 13.00etatik 14.00etara izango da.

Hiru eta sei lagun arteko taldeak

Covid egoerak iraun artean, parte hartzaileen kopuruan muga batzuk izango dira. Hori dela-eta, momentuz gutxienez hiru lagunetako taldeak eta gehienez seikoak dira gonbidatzen dituztenak. Erreserbak 944 028 081 telefono zenbakira deituta egin behar dira.

Bilboko San Inazio auzoan kokatuta, Euskararen Etxea 2004an sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Lakuako Gobernuaren lankidetzaren ondorioz, eta egun, Azkue Fundazioak kudeatzen du. Euskararen Interpretazio Zentroa baliabideak eskaintzen dituen bitarteetako bat da.

Martxan jarritako ekimen berriaz nabarmendu dute pandemiak baldintzatzen dituen garai hauetan Hostopostoak bezalako ekimenek lagun dezaketela euskara indarberritzeko eta «familia-loturak eta jolas kooperatiboa» sustatzeko.

Bultzatzaileek nabarmendu dutenez, irudimena eta ahalmen sortzailea pizten dituen jarduera da, eta «harremanak hobetu, gozatu eta konplizitatea» bultzatzeko aukera ematen duena.

«Finean, euskararen balioa, errespetua, entzutea, elkarrizketa, sormena eta irudimena landu nahi ditugu», planteatu dute.