GAUR8 - mila leiho zabalik

Gurutze Gorriak telefono bidezko laguntza psikosoziala emateko zerbitzua aktibatu du

Gurutze Gorriak doako telefono bat aktibatu du pandemiaren eragin ezberdinen ondorioz egoera zaurgarrienean dauden lagunei laguntza psikosoziala emateko. 150 langilek eta boluntariok eskainiko dute arreta era anonimoan, astelehenetik ostiralera, goiz eta arratsaldeko ordutegian, «ondoeza eta sufrimendua» arintzeko asmoz.

Doako telefono bidezko laguntza anonimoa da. (Gurutze Gorria)

Covid-19aren pandemiak arlo ezberdinetan izan dituen eraginak eta horiek buru-osasunean dituzten ondorioak artatzeko doako telefono bidezko laguntza psikosoziala eskaintzen duen zerbitzu bat aktibatu du Gurutze Gorriak. «Gurutze Gorriak entzuten zaitu» du izena, eta 900 107 917 telefono zenbakira deituta funtzionatuko du, astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez.

Datuei erreparatuta, egoera kezkagarria dela nabarmendu du GKE-ak, izurriteak nahasmendu psikologikoak edo emozionalak eragin eta areagotu dituelako. Azaldu dutenez, herritarren %66k adierazten du arazo emozionalen bat duela une oro edo denbora gehienean, eta kezka, tristura eta depresioa gogo aldarte negatibo hedatuenak dira.

Errealitate horri erantzuteko, laguntza indartzea eta modu berritzaileak bilatzea beharrezkoa dela azaldu dute Gurutze Gorritik. «Horregatik sortu da ‘Gurutze Gorriak entzuten zaitu’ telefono bidezko doako arreta zerbitzua, gaixotasunagatik, bakardadeagatik, adinagatik, enplegu galeragatik, dibertsitate funtzionalagatik eta etxebizitza-gabeziagatik osasun krisi honek bi aldiz eragiten dien pertsonei laguntza eta sostengu psikosoziala eskaintzeko, besteak beste», adierazi du Mari Jose Arruti Bizkaiko Gurutze Gorriaren Osasun Planaren zuzendariak eta zerbitzu berriaren arduradunak.

«Entzute aktiboa»

Helburua da «entzute aktiboa» ematea, «ahal den neurrian, pertsonen ondoeza eta sufrimendua arintzeko». Aurreikusita dago aldizkako kontaktua egitea, kasuen bilakaera jarraitzeko, eta laguntza psikosozialean adituak diren Gurutze Gorriko 150 langilek eta boluntariok eskainiko dute.

Kasu edo egoera konplexuak artatzeko, aurreikusita dago, bestalde, hainbat arlotan adituak diren erakundeko kide diren psikologiako profesionalen esku hartzea, beharrezkoak izango diren laguntza espezifikoak kontuan hartuta, besteak beste dolua, krisia eta larrialdiak, kolektibo ahulak edota haurtzaro eta nerabezaroan arreta espezializatua emateko.

Deia anonimoa eta doakoa da eta astelehenetik ostiralera funtzionatuko du, 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara.

«Entzun eta hainbat egoeratan lagundu nahi dugu: nahi ez diren isolamendu eta bakardade egoerak jasaten, hildakoek euren senide hurbilenen artean uzten duten hutsunea betetzen, pertsona askok maite dituzten gertukoei agur esan ezin dietenean sentitzen duten erruduntasun-sentimendua arintzen, jarduera fisikoan zein elikaduran jarraibide osasungarriekin jarraitzea sustatzen, eta jarraibide horiek beren osasun-egoeran onuragarriak izaten», azaldu du Arrutik.

Aipatu ditu eman daitezkeen bestelako egoera batzuk: gaixotasunaren aurreko antsietateak, arrisku ekonomikoak, gertukoak kutsatzeak edota heriotzak eta sor ditzaketen kezka eta beldurrak. Horiei aurre egiten lagundu nahi du zerbitzuak, «eta egingo dugu, eragin emozionalak pandemiaren amaieratik harago jarraituko duelako», nabarmendu duenez.