GAUR8 - mila leiho zabalik

1936ko gertaeren gaineko bisitaldi antzeztuak irailean itzuliko dira Donostiara

«Oroimenaren bidea» programaren barruan, ibilaldi dramatizatuak egingo dituzte berriro Donostian, 1936ko estatu kolpearen ondorioz hirian gertaturikoa ezagutarazteko. Irailean izango dira, larunbatetan, eta aurretik eman behar da izena.

Maria Kristina hotelaren inguruak ibilbide antzeztuen eszenatokietako bat izango dira. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Aurten, 1936ko gerraren inguruko memoria ibilbideak egingo dituzte berriz Donostian. Ekimena Udaleko Eskubide Zibilen Bulegoak antolatzen du, «hirian gertaturikoa gertutik ezagutarazteko asmoz».

Azaldu dutenez, gerra zibilaren hondamendiak zuzenean edo zeharka sufritu zuten pertsona guztiak omendu nahi ditu programak, baita leku eta pertsonaia historikoak oroimenean gordetzen lagundu ere.

Xabier Lopez Askasibarrek idatzitako gidoiari jarraituz, 1936ko uztailaren 18ko Errepublikaren aurkako altxamendu militarretik Donostia frankisten eskuetan erori arteko gertakariak gogoratuko dituzte antzezleek.

Doakoa, euskaraz eta gatelaniaz

Ibilbidea doakoa da eta euskaraz eta gazteleraz egingo da. Easo plazako kioskoan hasita, San Jose Ikastetxea, Askatasunaren hiribidea, Maria Kristina hotelaren inguruak eta Zurriolako zubiaren ingurua izango dira gune protagonistak, eta ordu eta erdiko iraupena du.

Iraileko larunbatetan garatuko da programa, egunean bi saiorekin, 12:00etan eta 18:00etan. Hilaren 11koak eta 18koak euskaraz izango dira; 4koak eta 25ekoak, berriz, gaztelaniaz.

Izena emateko www.komazk.com/erreserbak/DSS-1936.html webgunean egin daiteke erreserba edo info@komazk.com helbide elektronikora idatziz.