GAUR8 - mila leiho zabalik

Behar beste ura edateak bihotz-gutxiegitasuna prebeni lezake, ikerketa baten arabera

Bizitza osoan hidratazio ona izateak bihotz-gutxiegitasuna garatzeko arriskua murriztu lezake, Kardiologia Sozietate Europarraren Kongresuan aurkeztutako ikerketa baten arabera. Urteetan zehar garatutako ikerlan baten emaitzak dira.

AEBetako ikerketa batek hidratazioak bihotzeko eritasunekin duen lotuta aztertu du. (Jon URBE/FOKU)

«Gure ikerketak iradokitzen du hidratazio ona mantentzeak bihotz-gutxiegitasunera daramaten bihotz-aldaketak prebenitu edo, gutxienez, mantsotu ditzakeela», azaldu du Natalia Dmitrieva AEBetako Bihotzaren, Birikien eta Odolaren Institutu Nazionaleko mediku eta ikerketaren egileak.

AEBetako Osasun Institutu Nazionaletako kideak nabarmendu duenez, «emaitzen arabera, arreta jarri behar dugu egunero kontsumitzen dugun likido kopuruan, eta neurriak hartu gutxiegi edaten dugula atzematen badugu».

Likidoak egunero hartzeari buruzko gomendioak 1,6 eta 2,1 litro artean aldatzen dira emakumeentzat eta 2 eta 3 litro artean gizonentzat. Hala ere, mundu osoan egindako ikerketek erakutsi dute pertsona askok ez dituztela maila horien gutxienekoa ere lortzen.

Sodio serikoa hidratazio-egoeraren neurri zehatza da: pertsonek likido gutxiago edaten dutenean, sodio serikoaren kontzentrazioa handitu egiten da. Orduan, gorputza ura mantentzen saiatzen da, bihotz-gutxiegitasuna garatzen laguntzen duten prozesuak aktibatuz.

Dmitrieva doktorearen esanetan, normala da pentsatzea hidratazioak eta sodio serikoak egunez egun aldatu behar dutela, «egun bakoitzean edaten dugunaren arabera, baina serumeko sodio-kontzentrazioa tarte txiki batean mantentzen da denbora luzez, eta horrek, ziurrenik, zerikusia du likidoen ohiko kontsumoarekin».

Ikerketan aztertu zuten ea adin ertaineko sodio-kontzentrazio serikoak, hidratazio-ohituren neurri gisa, 25 urte geroago bihotz-gutxiegitasunaren garapena aurreikusten duen. Ikertzaileek hidratazioaren eta bihotzeko ponpaketa-ganbera nagusiko (ezkerreko bentrikulua) hormen lodieraren arteko lotura ere aztertu zuten (ezkerreko hipertrofia bentrikularra deitua), bihotz-gutxiegitasunaren diagnostikoaren aitzindaria dena.

hainbat adinetako ia 16.000 heldu 

Analisia Atherosclerosis Risk in Communities (ARIC) azterlaneko 15.792 heldutan egin zen. Parte-hartzaileak 44 eta 66 urte bitartekoak ziren erreklutamenduaren unean, eta bost bisitatan ebaluatu zituzten 70tik 90 urte bete arte.

Parte-hartzaileak lau taldetan banatu ziren, azterketaren lehenengo eta bigarren bisitetan (lehen hiru urteetan egindakoak) zuten batez besteko sodio kontzentrazioaren arabera. Sodio-talde bakoitzerako, bosgarren bisitan (25 urte geroago) bihotz-gutxiegitasuna eta ezkerreko hipertrofia bentrikularra garatu zuten pertsonen proportzioa aztertu zuten ikertzaileek.

Adin ertaineko sodio serikoaren kontzentrazio handiagoa bihotz-gutxiegitasunarekin eta ezkerreko hipertrofia bentrikularrarekin lotu zen 25 urte geroago. Sodio serikoak lotura handia izaten jarraitu zuen bihotz-gutxiegitasunarekin eta ezkerreko hipertrofia bentrikularrarekin, bihotz-gutxiegitasunaren garapenarekin lotutako beste faktore batzuk doitu ondoren: adina, presio arteriala, giltzurrun-funtzioa, odoleko kolesterola, odoleko glukosa, gorputz-masaren indizea, sexua eta erretzeko ohitura.

Adin ertaineko sodio-kontzentrazio serikoan gehitze bakoitza ezkerreko hipertrofia bentrikularra eta bihotz-gutxiegitasuna garatzeko probabilitateak handitzearekin lotu zen.

70 eta 90 urte bitartean, ezkerreko hipertrofia bentrikularraren eta bihotz-gutxiegitasunaren arriskuak handitzen hasten ziren sodio serikoak adin ertainean gainditzen zirenean.

Dmitrieva doktoreak azpimarratu duenez, emaitzek iradokitzen dute bizitzan zehar hidratazio ona izateak ezkerreko hipertrofia bentrikularra eta bihotz-gutxiegitasuna garatzeko arriskua gutxitu dezakeela. «Gainera, 142 mmol/l-tik gorako sodio serikoak bihotzean ondorio kaltegarriak izateko arriskua areagotzen duela ikusita, hidratazio-mailaren ebaluazioa jaso dezaketen pertsonak identifikatzen lagun dezakegu».

«Sodio maila hori maila normalaren barruan dago, eta ez litzateke anormal gisa etiketatuko laborategiko proben emaitzetan, baina medikuek azterketa erregularretan erabil lezakete» eguneroko likidoen kontsumoa kontuan hartzeko.